GARA > Idatzia > Mundua

Txina haserre agertu da, Ipar Korearen azken mehatxuak direla-eta

Ipar Koreako agintariek Ameriketako Estatu Batuen eta Hego Korearen kontra egindako azken mehatxuek Txinaren haserrea eragin dute. Iragarri duen proba nuklearrarekin aurrera segitzen badu, Pekinek laguntza gutxitu liezaiokeela ohartarazi zion atzo Piongiang-i.

GARA | PIONGIANG

Ostegunean, Ipar Koreak beste proba nuklear bat egiteko asmoa zuela adierazi zuen. Esandakoa betez gero, 2006az geroztik egiten duen hirugarren proba izango litzateke. Asteartean, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak herrialdearen kontrako neurri berriak bozkatu zituen, iazko abenduan suziri bat jaurti izanagatik. Horrek, tentsioa nabarmen handitu du egunotan.

Ipar Koreako agintariek argi utzi zuten programa horri eutsiko diotela. Proba nuklear berri hori noiz egingo duten ez zuten zehaztu; bai, ordea, «etsai amorratua» duten Ameriketako Estatu Batuen kontra zuzenduta egongo dela.

«AEBekin garbitzeke ditugun kontuak indarraren bidez garbitu behar dira, ez hitzen bidez», ohartarazi zuen agiri batean Aberriaren Birbatze Baketsuaren Aldeko Ipar Koreako Batzordeak. «Segurtasun Kontseiluak onartu zituen zigor horiek gerra adierazpen bat dira guretzat».

Hego Koreari ere mehatxu egin zion. «Traidore horiek Nazio Batuen zigorrak bere egiten badituzte, errepresalia fisiko gogorrak hartuko ditugu beraien kontra», ohartarazi zuen.

Horrez gain, ezohiko adierazpen batean, Txinari ere ohiz kanpoko kritika egin zion, «AEBen eraginpean oinarrizkoak diren printzipioak alde batera uzten dituzten herrialde handiei» aipu eginda.

Txinak, Ipar Korearen aliatuak, adierazpen horien kontra egin zuen berehala. «Global Times» egunkarian argitaratutako editorialean, proba nuklearrak egiten jarraitzen badu, laguntza murriztuko diola mehatxu egin zion Piongiangi. Alderdi Komunistaren ildoko egunkaria da, hori, Txinan eragin handien dutenetakoa. «Badirudi, Ipar Koreak ez dituela Txinaren ahaleginak aintzat hartzen», esan zuen.

Pekinek penintsula egonkorra izatea nahi duela gogorarazi arren, arazoak izanez gero, ez litzatekeela hondamendia izango gaineratu zuen. «Utz dezagun Ipar Korea bere haserrearekin. Gero eta urrutiago gaude eskualdean desnuklearizazioa lortzeko helburutik. Horregatik, Txinak itxaropenak gutxitu behar ditu», nabarmendu zuen «Global Times»-ek.

Bi herrialdeen arteko ika-mikak ez du aurrekaririk. Adituek diotenez, Txina aspertuta dago Ipar Korearen jarrerarekin eta auzokoarengan eraginik ez duela ikusteak ezintasuna sortzen dio.

Alta, Ipar Koreak Txinaren beharra du. Izan ere, herrialdean izandako goseteak ehunka mila hildako eragin zituen. Txinaren eta nazioartearen laguntzari esker, hein handi batean, ezbeharrari aurre egitea lortu zuen.

AEB-ak

Ameriketako Estatu Batuek ustez Ipar Korearen programa nuklearrari laguntza ematen dioten norbanakoen eta erakundeen kontrako neurri gehiago hartu zituzten, Piongiang-en adierazpenak entzun ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo