GARA > Idatzia > Kultura

Argia sarien 24. edizioak aipamen berezia egin dio Euskadi Irratiari

Ohikoak diren Euskadi Irratia, ETB eta «Berria» egunkariaz aparte, saririk deigarriena Herrira mugimenduari eskainitakoa izan da, publizitate atalean, alegia. Publizitate spot bat baino, kolektiboaren xedea azaltzen duen film labur bat da «Denbora» izenburuko bideoa. Dispertsioa salatzen duen istorioa goraipatu nahi izan du «Argia»-k oraingo honetan. Euskarazko hedabideen etorkizunaz eta erronkez ere mintzatu zen sari banaketan.

p044_f01.jpg

N.B. | USURBIL

Euskarazko komunikabideek 2012an egindako lanak txalotzen dituzten urteroko sariak banatu zituen atzo «Argia» aldizkariak. 24. edizio honetako saririk bereziena Herrira mugimenduari emandakoa izan da, publizitate atalaren barnean, presoen sakabanaketa salatzeko egin zuten «Denbora» spotagatik. Izan ere, ez da ohikoa horrelako bideo batek Argia saria jasotzea, azaldu zutenaren arabera, gaia ezohikoa izateaz gain, formatua ere desberdina delako. «Film labur bezala ere sailkatu dezakegu, istorio bat kontatzen duelako».

Publizitate saria jasotzeko Usurbilera bertaratu ziren Herria mugimenduko kide Beñat Zarrabeitia eta Amaia Esnal. Azken honek nabarmendu zuen saria jasotzea pozgarria dela, baina nahiago izango luketela jaso beharrik ez izatea, horrek esan nahiko lukeelako «falta diren guztiak gurekin ditugula».

Euskarazko telebista saiorik onenaren saria EITBko «Azpimarra» saioak jaso zuen gaurkotasunezko gaiak sakon lantzeagatik. Programaren aurkezleak, Maddalen Iriartek, euskal telebista «normal» baten aldeko aldarrikapena egin zuen. «Beste hedabide batzuek lortu dute normaltasuna; Euskadi Irratia, adibidez, irrati normal bat da. Telebistan hor dugu erronka».

«Argiak» Euskadi Irratia ere saritu zuen, birritan gainera. «Portobello» saioko esatari Asier Leozek eraman zuen irratiko Argia saria, musika aukeratzeko garaian gustu ona izateagatik eta etxetik mugitu gabe mundu osoko musika entzuteko aukera ematen digulako testuinguru egokietan kokatuz. Honekin batera, irrati kateak merezimenduzko saria eskuratu zuen, ibilbide osoari eskainitakoa, «konfiantzazko lagunak bezala, edozein gairi buruz hitz egiten digulako eta goizeko kafetik hasita gurekin dagoelako».

Prentsa idatziko saria «Berria»-ko kazetaria Edu Lartxangureni eman zioten agenda sailean ezezagunei egiten dizkien elkarrizketengatik. Hainbat elkarrizketa liburu batean biltzeko asmoa iragarri zuen kazetariak, Antton Mendizabal eskultoreak egindako garaikurra jasotzean.

Interneti dagokionez, pixkanaka garatzen joan diren bi webguneri eman zieten sari bana, hain zuzen, Bertsoa.com eta Dantzan.com atariei. Biak ala biak «plaza digitalak» bilakatu dira euskal gizartean. Lehenak herriko plazetan kantatu izan diren 25.000 bertso biltzen digu -kantatu direnen %7-. Bigarrenean euskal dantzarien grabazio zahar eta berriak daude, baita dantza-agenda ere.

«Gu nondik biziko gara?», Xabier Letonaren laguntza eskaera

Xabier Letona «Argia»ko zuzendariak ez zuen aukera galdu euskarazko komunikabideen egoeraren analisia egiteko. «`Argia'k 40 harpidetza galdu zituen 2012an. Horrek ez du esan nahi guk gauzak gaizki egiten ditugunik, baizik eta herritarrek gerrikoa estutu behar dutela». Interneten doako edukiak eskaintzen ditu argitalpenak, eta bertan gero eta irakurle gehiago dituzte, beraiek dituzten kostuak gainditzeko «Piztu ezazu argia» kanpaina jarri dute abian, irakurleek ekarpenak egiteko; bestela, «gu nondik biziko gara?». Era berean, instituzioen portaera salatu zuen. «Iaz EITBk 130 milioi jaso zituen eta dozenaka herri ekimenek 5 besterik ez. Ez legoke gaizki 2013an 6 milioi ematea», aipatu zuen EITBren lana gutxiesteko asmorik gabe. «Bien ekarpenak garrantzitsuak dira». N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo