GARA > Idatzia > Kultura

Jaialdia amaitu aitzin, urrezko FIPAren irabazleak taularatuko dira gaur Biarritzeko Gare du Midin

Biarritzeko FIPA jaialdiak sari banaketa egingo du gaur Gare du Midi aretoan eta lan saridunen proiekzioa izango da bihar. Ikus-entzunezkoen arloko transmedia berrikuntzak ezagutzeko aukera izan da aurten.

p047_f01.jpg

GARA | BIARRITZ

Asteartean abiatu zen Biarritzeko ikus-entzunezko nazioarteko FIPA jaialdia eta gaualdi nagusia ospatuko da gaur gauean Gare du Midi aretoan. Astebetez, sail ezberdinetan lehiatu diren 56 lanetatik bakar batzuk aukeratuak izango dira ohorezko urrezko eta zilarrezko sariak eskuratzeko. Jaialdiari amaiera emateko, lan saridunak proiektatuko dituzte bihar.

FIPA ez da sari banaketara mugatzen den jaialdi bat. Astebetez, Biarritzera hurbildutako ikusleek telebistarako ekoizten diren nazioarteko saio onenez gozatzeko aukera izan dute, baita sektore horretan izan diren berrikuntzak ezagutzekoa ere.

Aurtengo edizioan, izan ere, SmartFIPA izeneko sailaren bidez, transmediei toki berezia eman nahi izan diete. Genero horrek kontakizunak unibertso ezberdinetan garatzeko aukera berriak irekitzen dituela jakinarazi zuten antolatzaileek.

The Rabbit Hole transmedia agentziako zuzendari Arnaud Hacquin izan da egunotan Biarritzen, egiten duten lana publiko zabalari aurkezteko. Bere esanetan, istorio bat osatzeko eta narrazioaren edukia zabaltzeko balio dute, hain zuzen, transmediek. Telesail bat jarri zuen adibide bere erranak argitzeko: «Pertsonaia batean oinarrituz, istorioa zabalduko dugu, web-serie bat edo internet gune bat sortuz, esate baterako. Horiek seriea osatzeko balioko dute, eta ez istorio berri bat sortzeko». «Braco» izeneko telesaila aipatu zuen The Rabbit Hole enpresako buruak. Sail horren inguruan sortua izan den Internet Reality Game deituriko transmedia gailuak, «seriearen ondoan pertsonaiak biziarazten» dituela azaldu zuen.

«Ikus-entzunezko programen agertokietan eta teknologien erabilpenean heldutasun batera iritsiak gara. Hedabideak kontsumitzeko eran ohidurak aldatu dira ere eta, horri esker, lasaitasunez transmedia egitasmoak garatu ditzakegu», esan zuen. Smartphone, telebista konektatuak, tabletak eta gisako tresnen hedapena lagungarri izan zitzaiela gaineratu zuen.

Ikus-entzunezko merkatua

FIPA jaialdia telebista kate frantsesentzat ere ekoizpenen merkatu nagusia da. Ikusleei, zinema-aretoetan, ikusteko aukera ematen dieten ehunka programarekin batera, Fipatel deituriko gunearen bidez, beste berrehun bat ikusgai dituzte erosleek.

Azken egunotan, Biarritzeko jaialdiaren gune nagusiak bete dituzte horiek beraien telebistentzat egokienak iruditzen zitzaizkien telesailak, fikzio lanak edota dokumentalak erosteko asmoz.

MINISTROA

Aurelie Filippetti frantses Kultura ministroa izan zen atzo jaialdian. Sylvianne Alaux eta Colette Capdevielle lekuko diputatuekin bildu zen France 3 telebistaren etorkizuaz hitz egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo