GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

BERRIA | Xabin Makazaga, 2013/1/24

Katalunia bada nor

Burujabetzaren auziak CiU Convergencia i Unioko bi aldeetan, eta baita PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiaren bi sentsibilitateetan ere, haustura eragin duela zabaldu dute Espainian, bozkarioz bezala, Artur Masen abentura subiranistaren zentzugabekeria erakutsi nahian edo. (...)

Baina atzoko adierazpenak zerbait hautsi badu, Espainiako Konstituzioari men egin behar zaiola dioen idatzi gabeko printzipioa hautsi du. Konstituzio horren testuaren kontrako desobedientzia ekintza baita CiUk, ERCk eta ICV-EUiAk sustatu eta Kataluniako Parlamentuaren ia bi herenek onartu duten adierazpena. Kataluniako herria, zilegitasun demokratikoagatik, subjektu politiko eta juridiko burujabea dela onartu baitute.

Espainiako Konstituzioarekin talka egiten du, nabarmen, adierazpen horrek. Subiranotasun nazionala Espainiako herrian datzala baitio konstituzioak, eta herri hori zatiezintzat baitauka. Kataluniako Parlamentuak, aldiz, erakunde legezkoa eta demokratikoki hautatua, subiranotasuna Kataluniako herriak duela onartu du. Eta lurralde berean ezin dira bi subiranotasun egon. Hori Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere arrazoitzen du, Kataluniako Estatutuari buruzko ebazpenean. (...)

Burujabetzaren adierazpena sustatu dutenek «okerreko aldean» jartzea leporatu diote PSCri; argazkian, izan ere, PP eta Ciutadansekin lerratuta agertuko dira. Kataluniaren adierazpena «PP eta PSOEren araberakoa» izan behar bada hori ez dela erabakitzeko eskubidea erantzun diote Pere Navarrori.

Artur Masek ez du nahi besteko babesa lortu parlamentuan, CiUk hauteskundeetan espero zituen emaitzak lortu ez zituen gisa berean. Baina 85 diputatu burujabetzaren alde agertu dira, eta gizartearen zati handi bat, gehiengo kualifikatu bat, tiraka dute. Mas burujabetzaren saltsa horretan sartu bada, Espainiaren ukazioagatik bai, baina Diada eguneko olatuak bere bulegotik arrastaka aterarazi zuelako izan da. Gizarte zibilak sortutako olatu horrek Duran i Lleida bera ere, orain hain kritiko, eraman zuen irailaren 11ko manifestazioraino. Eta itsasoak Kataluniako lurrak bustitzen jarraituko duela, hori behintzat gauza segurua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo