J. Ortuñez | Errepresaliatua
Hitzen pisuaz
Maiz gertatzen ohi da: hitz jario handia baina ekintza eskasa, edo hoberenean gutxi egin eta trakets. Horra hor urte eta erdiaren ostean gelditu zaidan inpresioa. Egon badaude, Franco berpiztuko den esperoan edota Filipinetako azkenak gogoan izanda nonbait, inperialismo ustelaren aldeko hautua eginez batere mugitu(ko) ez direnak. Zeintzuk diren badakizue, horregatik ez nago inolako siglarik ipini beharrean. Sabeleko erreakzio bortitzak izaten ohi dituztenez gero, askotan ez dira euren diskurtsoetan ere bat etortzen. Euskal esparruko PPko batek, esaterako, garai berrietara egokitu beharra aipatu eta ohizko kontsignetatik haragoko esanak ditu gaur... eta beste batek, maisuaren aginduetara den zakurra bailitzan, ETA desegiten ez den bitartean (edota, ministroari entzun bezala, deseginda egonik ere) espetxe politikan aldaketarik ez dela izango errepikatuko du biharamunean.
Hauxe dugu aurtengoari hasiera eman dion tonua eta gisa horretako politikariak dira, hain zuzen, 2012ko amaieran EPPK-k argitara eman zuen agiriaren harira mehatxuak baino ez zituztenak ikusi, nik neuk behintzat ondoko bi kontuak ikusi nituenean: batetik, espetxe politika zentzugabe eta ankerra errotik aldatzeko beharraren konstatazioa, eta, bes- tetik, aipatu aldaketa burutzeari begira Kolektiboak gainerako eragile politiko, sindikal eta sozialei luzatzen zien eskua. Zenbait egun lehenago, Gernikako Akordioak ere ildo beretik hainbat azalpen eman zituen.
Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago, ordea, eta politikari ia gehienek (kobazulo mediatikoa buru) EPPKren agiriari buruzko irakurketa interesatua bezain faltsua eskaini ziguten. Baina espetxe politikan aurrerapausorik gabe prozesua bera geldirik egongo dela diotenean, euskal presoak ez dira ezertan baldintzarik jartzen ari, kontrakoa baizik: aurrerapausoak ematen direnean, irekitako prozesu demokratikoan ilusioa eta konfiantza sortzeko eta, aldiz, ematen ez direnean frustrazioa eta itxaropenik ezaren sentsazioa pizteko orduan, gaiaren garrantzia agerian utzi baino ez du egin Kolektiboak. Jokoan dagoena ez baita presoen egoera pertsonala, prozesuaren bideragarritasuna baizik. Honetaz gain, EPPK-k adi jartzen gintuen ere beste zerbaiten inguruan: Euskal Herriaren askatasuna irabaztera goazenez gero, prozesuak aurrera egin behar du; eta prozesuak aurrera egin dezan, soluziobideak integrala izan behar du, eta bereziki, nola ez, preso eta iheslariei dagokienez.
Honaino iritsita, zera azpimarratu nahi nuke: ez dakit zenbat deklarazio irakurri dudan azken bolada honetan, Kolektiboari keinuak edo hau eta bestea egin zitzan eskatzen ziotenak... Eta artikulu bakoitzean esandakoa errepikatzen ibiltzeak deseroso jarri eta irakurle zaren hori aspertuko zaitudan arren, berriro esan beharrean nago Kolektiboak keinuak ematen dituela etengabe: elkar hitz egiteko mezuen bidez, interpelazioen bidez, bere posizio politikoak gainontzeko eragileekin konpartitzeko gogo agerikoaren bidez, mintzaideen edota kanpoko bitartekarien bidez, eta abar. Eta eragile politiko den heinean, une egokian eta uneak eskatzen dituen urratsak egingo ditu beti, nola ez, prozesuaren mesedetan. Hau esanda, eta EPPKren agiria ondo kokatzeko, ñabardura bat erantsiko nioke: argi egonda ere gobernuei dagokiela orain fitxa mugitzea, Kolektiboaren agiri hori euskal gizarte osoari zuzenduta zegoen, EPPK-k egingo lituzkeen urratsek denon babesa beharko baitute.
Gaur azpimarratu nahi nuen bigarren kontua EPPKren agiriaren testuinguruari dagokio. Lumazale asko izan dira aipatu agirian iragan 12ko manifestazioarekin bat zetorren deialdi hutsa baino ez dutena ikusi, egun horretan bertan Kolektiboak buruturiko baraua isilpean utziz eta aipatu agiriaren edukia edozein modutan hartu eta manipulatu egin dutenak. Aitzitik, EPPKren agiriak Herrira-ren ekimenarekin bat etortzetik harago joan nahi zuen, ene ustez, eta mezu ezin argiagoa plazaratzea zuen helburu: hots, benetako lana urtarrilaren 13an hasten dela, eta gai izan behar dugula Bilbon hedaturiko energia luzatu eta dinamika eraginkor bilakatzeko.
Nonbait, bakearen etsaiei (alta, bakea ez da pazifikazioaren sinonimoa) ez zaie nahikoa testuak manipulatzea; hortaz, konspirazioen ondorio gisa edota ezkutuko agindupean etorritako zerbait bailiran aurkeztu nahi dituzte. Txarrena zera da, haien gezurrak inprimategitik atera eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eskuetan amaitzen dutela gehienetan, denok ezagutzen ditugun ondorioekin. «Preso politiko» esamoldea bera desatsegin zaie.
Hemen, baina, hizlarien bigarren mota ukitzen ari gara bete-betean; hots, gutxi eta trakets mugitzen direnena. Ezen, beren militantziagatik (eta militantzia hain da berez eta izatez politikoa, non politiko zela zehaztea pleonasmotzat jo dudan) giltzaperaturik dauden herritarren izaera politikoari muzin egin diotenak ez baitira soilik kobazulo mediatikoan aurkitzen. Izan ere, zenbait alderdiko buruek «indarrean dagoen legediak araututakoa betetzea», edo «lege naturalera, Zigor Kode arruntera, edozein herritarri aplikatzen zaion horretara itzultzea» eta gisa honetako aipamenak egiten dituztenean ez dira («kalifikazio bereziak» delako eufemismoaz baliatzen badira ere) salbuespen neurriak indargabetzea eskatzen ari, militanteari izaera politikoa kentzeko saioak egiten baizik.
Azken finean, euskal presoak beste edozein presotzat hartzea bilatzen dute. Baina hori esatea eta horrela esatea, funtsezko zerbait alboratzea da: euskal presoak militante politikoak dira, eta sortu zituen Herrian ireki den prozesuan nahi eta behar dute parte hartu. Kasu!, ongi uler iezadazue; ez naiz gainerako presoak baztertzen ari, ez eta gutxiesten ere, espetxe politikak behar duen aldaketak berdinketa hutsetik harago joan behar duela azaltzen baizik. Hartara, gure ahaleginek -neureak zein euskal gizarteko sektore zabalarenak- bilatzen dutena euskal presoak etxera ekartzea da. Eta preso arrunta ez izateak salbuespen neurrien aplikazioa justifikatzen ez duen bezalaxe, neurri horiek indargabetzeak militante guztien kaleratzeko bidean lehen urratsa izan behar du, eta ez erregimen arrunteko espetxean jarraitzeko lehen erabakia nonbait.
Egon badaude ere zera diotenak, euskal presoek aurkeztutako kexa edo helegiteei (bikotekidearekin espetxe berean elkartzeko, bakardadean ez egoteko, etab.) agintariek entzungor egiten dietela 2011ko urriaz geroztik. Zur eta lur gelditu naiz: aipatu data baino lehenago onartu egiten ote zitzaizkien? Bada, halako diskurtsoak helburu zehatza du: espetxe politikak jasoko lukeen egokitze txikiena giza-eskubideei men eginez eta eskuzabaltasunez hartutako erabaki gisan aurkeztea, garai berrietara ezinbesteko birmoldaketa bailitzan sinetsarazi asmoz. Ez dute, ez, presoen eskubideak beti urratu dituztela aitortuko, ez eta espetxe politika errotik aldatu beharra ez dela giza-eskubideekiko kontu soila, bake prozesua bera finkatzeko baliagarritasun politiko handiko auzia baizik.
Bukatzeko, eta bakea hitza bitan aipatu dudanez gero, zera argitu nahi nuke: Herri honek behar duena bakea da, ez pazifikazioa. Azken egunotako atxiloketak, presoen eta senideekiko AVT edota DyJ bezalako elkarteek daramaten oldar etengabea, Josu Uribetxebarriarekiko obsesio mediatiko-politikoa, Europak Gobernuen gustuko erabakiak hartzeko presioak... Hau guztia bakearen aurka doa. Espetxe politika erregimen arrunt hutsa bilakatzea, damutzen ez denari eragile izateko aukerak ukatzea, aurreko inertziak aitzakiatzat hartuta elkarlanari uko egitea, euskal presoen izaera politikoa husten saiatzea... Honek guztiak ere bake mota bakarra irudikatzen du: isiltasunarena, frankismoan zehar (aurretik, bitartean eta ondoren) hainbat erantzukizun ezkutatu nahi dituztenena; hots, garaile eta garaituak nahi lituzkeen ustezko bakea. Bake hau, baina, ez da bakea. Pazifikazio hutsa da, hots, Ardanza edota ZEN plana berritua. Gainditutzat ematen nituen eszenario zaharrak errepikatzeari ekin nahi liokeena, alegia.
Ez nuen inoiz pentsatu hitzek horrenbesteko pisua izan zezaketenik!