Julen MURGOITIO
Apustuen urtea, baietz!
Susmoak izan baditut 2013 honek iraganetik datozen inertziak bestelako bidean jartzeko balioa izango duela. 13 honek bere agintaldia astearte batez amaitzeak eman dizkit susmoak. Bada, bai. Horra, Britainia Handia (BH) Europako Batasuna (EB) utzi lezakeela hasi da ohartarazten, nabigatzaileentzako abisua edo. Eta kolpea gero! noiz ohartarazi eta Handi horren gaurko zati den Eskozia EBko berezko kide izateko bidean apustuzko ahaleginetan ari den unean hain justu. Ama, ama! hamaika (TB) ikusteko gara gero! Britainia Handia EBtik kanpo, Gibraltar barne (kanpoan barne esan nahi dut), eta Eskozia BHtik kanpo eta EBn barne!. Zoratuko ez gara, bada?. Baina latitude beheragoetan ere antzeko zerbait gertatu liteke. Hortaz, Espainia hori EBtik kanpo geratu daiteke, batasunaren parametro makro-ekonomikoetako zenbatekoak marra gorri ofizial guztiak dezente gaindituta, eta Euskal Herria, Trebiñu barne, eta Katalunia EB baten barruan, Europa Bestelako baten barruan, kasuko; ez dakit Eskoziarekin batera edo ez. Ene, ene! hau zoramena!. Honezkero, ulertu egiten dut Europan aurreikuspenak egin behar dituzten aurreikusleen ondoeza; ez, ez nago ekonomiaz, hori askoz errazagoa baita, mapa politikoaz nago. Gizajoak!
Tira, Europak ez du etorkizun jatorrik bloke geo-ekonomiko nagusia izan nahi badu behinik behin, bloke baten hegemoniak gainerakoen menpekeria dakar eta. Hortaz, ez dakit nik zer dela eta batu behar diren Europako estatuak, are gehiago batasun horrek bloke berean sartzen baditu geografiaz kontrako muturretan direnak eta kanpoan uzten badu zure ondokoa. Pentsatzen jarrita, ez al da ganorazkoagoa Andaluziak Marokorekin izatea hartu-emanak Lituaniarekin baino?. Ez, ez dut ulertzen bloke geo-ekonomikoen logika; kontinenteak desberdintzea bera ere aspaldian baztertu nuen, lurraldeen jarraipen geografikoari zentralitatea emateko.
Harira! 2013 hau apustuz beteta dator. Apustuak probalekutik frontoira, lehen, eta frontoitik legebiltzarrera pasatzeko unea orain!. Norekin adostuko dute jelkideek hurrengo bilkuraren seigarren puntua? Ee?, eta laugarrena?. Eta ikusita sindikatu nagusiko idazkari berrituak hedabideetan hartu duen lekua apustua egiten dut ETBn Eguraldiaren ostean Egurraldia tarte berria izango duela aurten. Lau eusko baietz!