Ducassou II.a eta Intxauspe berriro ere faborito izango dira
Gaur 16.00etatik aurrera jokatuko dira Senperen Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako hirugarren kanporaketak. Oraingoan ere Battitte Ducassou eta Alexis Intxauspe dira garaipenak eskuratzeko bi faboritoak.
Lehen partidan Battitte Ducassou eta Laurent Lanbert neurtuko dira. Ducassou gaztearentzat hirugarren partida da, eta aurreko hiruretan sekulako itxura eman du. Bere anaia eta Jeannots utzi ditu kanpoan, eta oso erraz, gainera. Pilotan nahi bezala egiten du, eta hogei urteko gazte batek izan ditzakeen gabeziak dituen arren, ez dirudi horiek gainditzeko denbora asko beharko duenik.
Laurent Lanbert bera ere gaztea da, baina aurkariak baino eskarmentu handiagoa dauka. Alabaina, Ducassou egundoko abiadan dator. Buruz Burukoan bi kanporaketa gainditzeaz gain, Superprestigioa irabazita dator, eta han Waltariri irabazi zion finala. Sekulako indar eta abiadarekin iritsiko da Senperera, eta Lanbertek nahikoa lan izango du Itsasuko pilotariari eusten. Irabazleak Harizmendiren aurka jokatuko du ostegunean Baionako Saint Andre trinketean.
Bigarren partidan, Lanbert familiako beste pilotariak jokatuko du kanporaketa, Ximunek alegia, eta aurrean Alexis Intxauspe izango du. Azken hau bi kanporaketa gaindituta dator, nahiz eta egoerak eta baldintzak ezberdinak izan ziren.
Lehenengo Lazkano oso erraz utzi zuen bazterrean, baina bigarrengoan lan handia egin behar izan zuen Agirre mendean hartzeko.
Hala ere, gaur dirua bere alde izango du, nahiz eta horrek ez duen ezer segurtatzen. Ximun Lanbertentzat lehen partida da, eta horiek beti izaten dira arriskutsuak, are gehiago aurkaria bi partida jokatuta baldin badator. Gaur garaipena lortzen duenak datorren ostegunean Herve Bonebeltxen aurka jokatu beharko du laugarren kanporaketa Baionako Saint Andre trinketean.