GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Gure arma bakarra guhauren burua antolatzea» dela dio ezker abertzaleak

Berrehun bat lagun elkartu zituen atzo ezker abertzaleak Anhauzen, «Askatasun Haizea dabil» mezua zabaltzeko antolaturiko ekitaldian. Xabi Larraldek eta Anita Lopepek azken urteotan prozesu berrian egin diren urratsak goraipatu zituzten eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen inguruan geroari begira egin beharko den borrokaz mintzatu ziren. Egungo egoeran, «gure arma bakarra, guhauren burua antolatzea» dela nabarmendu zuten eledunek.

p016_f01_111x111.jpg

Ainize BUTRON | ANHAUZE

«Askatasun haizea dabil» mezua zabaldu zuen atzo ezker abertzaleak Nafarroa Beherean, Anhauze herrian egindako ekitaldian. Berrehun bat lagun bilduak zirela, bertsolarien kantuak eta txalapartaren doinua lagun, Anita Lopepek eta Xabi Larraldek hartu zuten hitza, azken garaiotan «nazio askapenaren» bidean egin diren urratsak nabarmentzea eta geroari begira eraman beharreko borroka birkokatzea helburu.

Xabi Larraldek 2004an Anoetan egin zen proposamena eta ondotik izandako negoziazio prozesuan eman ziren printzipioak ekarri zituen gogora. Horietako hiru nabarmendu zituen: erabakitzeko eskubidea, Euskal Herriak nazio bakarra osatzen duela eta koadro instituzionalak aldatzeko garaia etorria dela. Gaur egun bizi den itzulgunean, bere esanetan, «herriaren indarra eta herriaren aktibazioa dira nahi dugun aldaketaren bidean urratsak egiten hastea ahalbidetu dezakeena».

Larraldek Eskozia eta Katalunia jarri zituen adibidetzat, eta helburua bertan eramaten ari diren prozesu berberetara heltzea dela adierazi zuen. «Euskal gizartea prest da eragiketa horretan sartzeko, eta nazioarteko egoerak urrats hori ahalbidetzen du. Gure nazio identitateen independentzia nehoiz baino gehiago aukera sinesgarria bilakatua da europar komunitatean», gehitu zuen. Helburuak, izan ere, «esparru politikoa osoki irekitzea» eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen inguruan «euskal gizartea eta estatuak parez pare jartzea» dela esan zuen.

Madrilek eta Parisek prozesuaren aitzinean «oztopoak jartzen eta bidea gogorki trabatzen» jarraituko dutela esan zuen. Joera horren aitzinean, «gure armarik eraginkorrena, praktikan, estatuek gure nazio eskubideak onartu artean, guhauren buruaren antolatzea, gure herria urratsez urrats, herriz herri, eta atalez atal eraikitzea» dela gaineratu zuen Anita Lopepek.

Parisen inplikazioa

Prozesuetatik atera diren hiru printzipioak -erabakitzeko eskubidea, Euskal Herriak nazio bakarra osatzen duela eta koadro instituzionalak aldatzeko garaia etorria dela- Ipar Euskal Herrian ere balio dutela gaineratu zuen Lopepek.

Aieteko Konferentziak Ipar Euskal Herriko klase politikoaren kontzientziazioan «inflexio puntu bat markatu» zuela baieztatu zuen, eta helburua, Paris «konponketan inplikaraztea» dela esan zuen. «Horretarako herri bezala agertu behar dugu bere aitzinean».

Horrenbestez, Lopepek herriaren ahotsa egituratzea ezinbestekotzat jo zuen, eta, bide horretan, berezko instituzioaren aldeko borrokarekin eta Baionan iragandako Bake Bidea forumarekin «urratsak egiten hasiak» direla argitu zuen.

«Parisek ez dezala pentsa ezker abertzaleari erantzuten dionik, herriaren gehiengoaren borondateari baizik», bukatu zuen Lopepek.

Aldaketa

Aitzineko fase politikoa behin betiko ixteko, estatuek «aldaketa aktatu» beharko dutela esan zuen Lopepek. Egungo testuinguruan berriki izandako atxiloketak eta Parisen otsailean izanen den auzia salatu zituen.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren hitza zabaldu da Anhauzen

Xabi Larraldek eta Anita Lopepek euskal presoak izan zituzten gogoan atzo egindako mintzaldian. Horrekin batera, Peio Sanchezek, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekari gisa, kolektiboak helaraziriko gutuna irakurri zuen. «Urrats erabakigarriak emateko garaia da. Borrokatzeagatik prensondegiratu gaituzte, eta, borrokan jarraitzen dugu. Zuek kanpotik eta guk barnetik lortuko dugu», esan zuen Kolektiboak. Ekitaldian, berriki aske geratu diren bost preso ohi omendu zituzten eta preso jarraitzen dutenak ohoratu zituzten. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo