GARA > Idatzia > Ekonomia

Nekazaritza, lankidetza eta banka etikoa uztartuz, sistema solidarioago baten bila

Euskal Herrian eta Europan nekazaritzan, kooperatibismoan edota lankidetzan diharduten eragile eta norbanako ugari bildu dira aste honetan Usurbil eta Zerainen «Ekonomia soziala eta elikadura burujabetza» jardunaldietan. Esperientziak partekatuz, ondorio nagusi batera iritsi dira: hain zuzen ere, nekazaritza, elikadura burujabetza eta finantza etikoak lankidetzaren bitartez uztartzea dela ekonomia sozial eta solidarioago bat eraikitzeko bidea.

p024_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | ZERAIN

Ekonomiari zentzu sozial eta solidarioago bat ematea helburu, nekazaritza, kooperatibismo eta finantza etikoen arloan lan egiten duten norbanako eta eragileak bildu zituen «Ekonomia soziala eta elikadura burujabetza» nazioarteko jardunaldiak Usurbilen eta Zerainen. Guztira 70 lagun inguruk hartu zuten parte, eta tartean Euskal Herriko eta Europako elkarte ezberdinetako ordezkariak izan ziren.

Ostegunean egun osoko jardunaldiak izan zituzten Usurbilen eta ostiralean ondorio nagusiak aztertu zituzten Zerainen. Parte hartzaileek azaldu zutenez, hiru izan ziren jardunaldien ardatz nagusiak: herri mailako nekazaritza egitasmoak, kooperatibismoa eta finantza etikoak.

Tokian tokiko nekazaritza proiektuen arloan Sakanako kasua nabarmendu zuten. Nafarroako eskualde industrializatuenetako bat izatetik langabezia handiena duena izatera pasatu da Sakana, %27ko langabezia tasarekin. Egoera horri aurre egin nahian, herritarrak, Sakantzen sarearen bitartez, eta Sakanako garapen agentzia lanean hasi dira ekonomia suspertzeko proiektuak garatzen.

Proiektu horietako asko nekazaritzan eta bertako baliabide naturaletan oinarrituta daudela azaldu zuten; izan ere, lurren %85 publikoa da eskualde horretan eta ezaugarri hori baliatu nahi dute dinamika herrikoiak sare gisa lantzeko.

Sinergiak sortzearen garrantzia

Proiektua garatzeko orduan kooperatibismoak ekar ditzakeen onurak aztertu zituzten bigarren tailer batean. Horretarako, bi proiektu ezagutu ahal izan zituzten protagonisten ahotik. Usurbilgo Alkartasuna nekazaritza kooperatiba batetik, eta energia berriztagarrien inguruan lan egiten duen Goiener.

Lehenengoak 120 bazkide inguru ditu eta mende bateko jarduna. Bigarrenak, aldiz, urtebete eskas darama martxan eta 100 bazkidera hurbiltzen ari da. Lanpostuei dagokienez, Goinerrek oraingoz ez dauka langilerik. Alkartasuna hiru langilerekin hasi zen eta gaur egun zazpi lanpostu dauzka. Bilakaera hori tokian tokiko egitasmoek enplegua sor dezaketen adierazletzat hartu zuten Zerainen bildutakoek.

Bestalde, bi ekimen hauek energiaren inguruan emandako pausoak nabarmendu zituzten. Goiener kooperatiba aitzindaria da Euskal Herrian energia berriztagarrien komertzializazioan. Alkartasunak, berriz, gasolioa hornitzeko gune txiki bat sortu du.

Bestalde, energia berriztagarrien instalazioak hedatuz gero, baserri bakoitza energetikoki burujabe izatera irits daitekeela nabarmendu zuten parte hartzaileek. Era berean, baserritarrak bere jardunetik bizirauteko eta autonomia lortzeko ekoizpen kostuak murriztu behar dituela nabarmendu zuten; hain zuzen ere, burujabetzaren bitartez.

Ildo horretan, herri mailako proiektu hauek ekonomikoki sustengatzeko finantza etikoak bide justu eta egokiena direla aipatu zuten hirugarren atalean. Bide horretan sakontzeko nazioarteko aliantza politikoak sortzea proposatu zuten Fiare proiektuko ordezkariek, beti ere elikadura eskubidea eta ondarearen izaera komuna oinarritzat hartuta.

Lan ildo ugari aipatu zituzten, bestalde. Italian indarrean dagoen proiektu bat jarri zuten adibide: nekazari gazteei baserrietan finkatzen eta negozioa martxan jartzen laguntzeko kontsumo taldeen sorkuntza, finantza etikoen babes ekonomikoarekin.

Saioaren amaieran jardunaldiek emandako emaitzak oso baikorki baloratu zituzten eta bi egunez marraztutako bide- orriari jarraipena ematera deitu zuten. Maiz ezkutuan edo inkontziente kolektiboan geratzen den errealitate bat ere azaleratu nahi izan zuten; alegia, Euskal Herrian bertan proiektu interesgarri mordoxka dagoela eta guztien arteko sinergiak eratuz, eredu ekonomikoa iraul daitekeela, sistema sozial eta solidarioago bat garatuz.

eragileak

Euskal Herriko eta Europako eragile ugarik hartu zuten parte jardunaldietan. Besteak beste, Banca Etica Fiare, Etxalde, Via Campesina, EHNE, Bizilur, Italiako Terra Libera, Estatu frantseseko Tierre de Liens, Zerain Dezagun Fundazioa eta Italiako Banca Popolare Etica.

elkarlanari eutsi

Jardunaldiak amaitzean, Euskal Herrian egitasmo interesgarri mordoxka dagoela nabarmendu zuten. Guztien arteko aliantzak sortzeko beharra nabarmendu eta jardunaldietan hasitako lanari jarraipena emateko asmoa agertu zuten.

Lurrak publiko eginez, lana eta nekazaritza sustatzeko ekimena

Tokian tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko proiektuek azken urteetan hartu dute oihartzuna batik bat. Ostera, badira arlo horretan lanean hamarka urte daramatzaten egitasmoak. Horietako bat da Zeraingo herritarrek elkarlanean duela 30 urte sortutakoa.

Bizilagunak, Udala, Kultur Etxea eta Zerain Dezagun Fundazioa dabiltza buru-belarri egitasmoaren garapenean. Azken hiru hamarkadetan lanpostu ugari sortu ditu eta etorkizunera begira gazteentzako aukera bat izaten jarraitu nahi du.

Hiru dira Zeraingo egitasmoaren lan ildo nagusiak. Batetik, Udala landa eremuetako bizi kalitatea hobetzen saiatzen da, azpiegituretan sor daitezkeen arazoei aurre egiten.

Kultur Etxeak turismoarekin lotutako proiektuak zuzentzen ditu. Besteak beste, bertako identitatea eta ondare historikoa ezagutarazteko dinamika kulturalak antolatuz.

Arlo sozioekonomikoa da beste indargune nagusia, eta Zerain dezagun Fundazioak zuzentzen du. Lehen sektorean, gaztagintzan eta sagardogintzan oinarritzen dira. Turismoa arloan, bi museo, bi landetxe, aterpetxe bat eta bi sagardotegi dauzkate, herria turistentzako erakargarri egiten dutenak. Gainera, lanpostuak sortu dituzte arlo horien inguruan eta urtean 20.000 bisitari izatera iritsi dira. Aurrera begira, lur pribatuak erosi eta publiko bihurtzeko proiektua dute esku artean. Energia sorkuntza, landa turismoa, mendi ibilbideak eta artzaintza sustatu nahi dituzte gazte gehiago erakartzeko asmoz eta nekazaritzarekin lotutako lanpostu berriak sortuz. I.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo