GARA > Idatzia > Kultura

Meatzalde Goikoa Parkean topaketa egin dute 50 eskultorek

Topaketa «hunkigarria» izan zen atzo Trapagaranen. Euskal Herriko hamarka eskultore elkartu ziren Bizkaiko udalerrian Zugaztietako eskultura parkeari bultzada emateko asmoz. Datozen hilabeteetan artelan gehiago jarriko dituzte ikusgai.

p051_f02.jpg

N.B. | DONOSTIA

Euskal Herriko eskultoreen topaketa egin zuten atzo Trapagarango Zugaztietan. Guztira 50 artista inguru elkartu ziren euren lanak ikusgai dituen Meatzaldea Goikoa Eskultura Parkeari bultzadatxoa emateko asmoz.

Topaketaren antolatzaileetako bat izan da Guillermo Olmo eskultorea eta, bere esanetan, denak elkartu ziren une hori «historikoa eta oso hunkigarria» izan zen. Eginbehar pertsonal zein profesionalengatik bertaratzerik izan ez zuen bakarren bat falta arren, talde polita osatu zuten eta lagunartean igaro zuten eguerdia. Instituzioen aurrean ikusgarri izatea da artisten helburua, horien laguntza izateko eta Zugaztieta «euskal eskultoreen parke ofiziala» bilakatzeko.

Azaldutakoaren arabera, adineko artistak zein gazteak elkartu ziren Zugaztietako datozen hilabeteetako programa ezagutarazteko. Orain arte 16 eskultura daude parkean -lehena duela sei urte jarri zuten-, eta datozen sei hilabeteetan zazpi gehiago jarriko dituztela iragarri zuten. «Lehena datorren hilean jarriko dugu, Nestor Basterretxeak egin duena. Jarraian hiru eskultoreen bi txanda egingo ditugu beste sei eskultorerenak jartzeko». Bide horretan lanean jarraituz gero, urte amaierarako 30 lan inguru izatea espero dute.

Naturak emandako materiala

Trapagaran meatze-bailara da, eta Zugaztietan parte hartu duten artistek ondo dakite hori. «Artistak nahiko sentsibilizatuta daude. Gune honentzako omenaldi gisara proposatzen dituzte lanak. Euskal eskulturaren ezaugarrietako bat da materialekiko errespetua dugula, eta kasu honetan burdina asko erabili dute», azaldu zuen eskultoreak. Aipatutakoaren arabera, Hego Euskal Herriko artistek harriduraz ikusten dute nola Iparraldekoek ere bailararen izaera ezagutzen duten eta, hain gertu izan ez arren, paisaiari gorazarre egiten dioten.

Izan ere, Zugaztietako paisaia bezalakorik ez da. «Paisaia basatia da», meatzeen ondorioz sortutako lubetaz josia dago, baina denboraren poderioz belarrezko alfonbra berdez jantzia. Han hemenka kareharria ageri da, lurpean zer dagoen erakutsiz.

Paseoa eginez -ordubetekoa, gutxi gorabehera- hiru laku aurki daitezke bidean, eta naturako beste elementu bat balira bezala, lau eta sei metro arteko eskulturak topa daitezke. «Tamaina honetako eskulturak egitea nahiko garestia da», zehaztu zuen Olmok. Berak «Albizuri» izeneko arrautza itxurako eskultura dauka parkean, kareharri eta hareharriz egina, eta kanpotik burdinazko sare bat duena. «Zugaztietako inguruneak burdina ematen digu, eta zentzuzkoa dirudi naturak ematen diguna naturari itzultzea», baieztatu zuen artistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo