FIPA jaialdiaren 26. edizioak urtean zehar telebistan ikusiko ditugun lanak saritu ditu
Biarritzeko nazioarteko ikus-entzunezko programen jaialdian, aurtengo lan onenak saritzea egokitu zitzaion atzo epaimahairi. Haur hiperaktibo baten gaineko istorioak eraman zuen sari nagusia.GARA | DONOSTIA
Biarrizko FIPA jaialdian parte hartu duten ikus-entzunezko produkturik onenak saritu zituzten atzo iluntzean. Fikziozko lanik onenaren sari nagusia Connie Walter zuzenduriko «Zappelphilipp» telebistarako filmak jaso du. Irakasle batek haur hiperaktibo bat hartuko du eskolan, eta istorioan zehar zalantza nagusi bat ageri da, hiperaktibotasuna medikuntzak tratatu beharko lukeen edo ez.
Bernard Le Coq aktoreak irabazi zuen gizonezko interpretaziorik onenaren garaikurra «La Dernière Campagne» filmean Jacques Chirack Estatu frantseseko presidente ohiaren paperagatik. Honen ondoan ageri dira Nicolas Sarcozy eta François Hollande presidentetza lortzeko lehian.
Emakumezko interpretaziorik onenaren saria Julieta Cardinalirentzat izan da, Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan zen «Carta a Eva» filmean egiten duen lanagatik. Hiru emakumeren bizitzak nahasten dira Juan Domingo Peron Argentinako presidenteak bere emaztea Estatu espainiarrera bidali zuen unean. Beste bi protagonistak ere ez dira edonor: Carmen Polo, Franco jeneralaren emaztea, eta Juana Doña, senarra fusilatuta galdu duena.
Telesailen artean epaimahaiak erabaki zuen edizio honetan aurkeztu direnen artean onena Marc Mundenek zuzenduriko «Utopia» dela. Atal honetan aktorerik onenaren saria «Halvbroren/The half brother» telesaileko protagonista Frank Kjosasentzat izan da. Emakumezkoei dagokienez, telesail berean parte hartzen duten Ghita Norby, Marianne Nielsen eta Mariann Holek eskuratu dute garaikurra.