GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

44. BERTSO EGUNA

«Krisian gaude baina... ze krisi?»

Krisiak krisi, bi ordu eta erdiz bertsoaren inguruan kantari, dantzan eta barrez igaro zuten 1.500 pertsonak atzo arratsaldea Donostiako Kursaalen. Izan ere, «krisian gaude baina... ze krisi?».

p008_f03.jpg

Ane ARRUTI

Krisi nuklear batean, labezomorroek bakarrik bizirauten omen dute, eta Liverpool aldeko laukote ezagunenaren itxuran, gitarraz lagunduta abestu zuten Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxagak, «Let it Be»-ren doinuan: «Paga estra kendu dizute baina Realak irabazi/ krisian gaude baina, ze krisi?». Horixe izan zen 44. Bertso Eguneko gai nagusia, «Krisiak» -pluralean, bai-, ekonomikoaz gain, dena bihurtu baitugu krisi, «Athleticek bi partida segidan galtzea, Beyoncek Obamaren inbestiduran playback egitea, elurragatik errepideak moztea...». Etxahun Lekuek ongi esan zuen moduan, «gauzei bere izenez deitzen hasi beharko genuke».

Langabezia, maitasuna, ekonomia, herrimina, Peter Pan sindromea, krisi existentzialak, antsietateak, politika, ohe kontuak, bertso doinuak, tentazioak... Guztiarentzat izan zen tartea. Hamabi bertsolariz gain, dantzariek, aktoreek, musikak eta ikus-entzunezkoek ere jantzi zuten ikuskizuna. Izan zuen ilunetik; «jadanik uhalak zulo gehio ez du/ gerrian lotzeko behar bezain estu/ lepoan jarri ta ito», kantatu zuen Barandiaranek. Baina saioa aurrera joan ahala, krisi ezberdinei barrez edo, gutxienez, umorez begiratzen ere asmatu zuten bertsolariek.

Eneko Dorronsororen «Xalbador artzainaren mintzoa» dokumentalean Amerika amets izan zutenen testigantzak entzun ondotik kantatu zuten Jone Uria eta Andoni Egañak. «Herriak hustu beharra zegon sabela beteko bazen», kantatu zuen zarauztarrak. Karrera ekainean bukatzea espero duen bizkaitarrak, berriz, «ni ere beldur naiz ez ote naizen kanpora joan beharko».

Politikagintza energia berriztagarria den edo ez ere aritu ziren Uxue Alberdi eta Ander Solozabal. «Nahiz iritzia ematen dugun aldian behingo bozketan/ haize berria nola sartzen da egitura zaharretan», galdegin zion Uxuek.

«Mundua jan behar omen zuten» lau gazte eseri zituzten ondoren banku batean, topolino bana eskutan: Jone Uria, Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi eta Jon Maia; berrogei urte bete berri dituen zumaiarra izan zen adar-jotze guztien jomuga. «Gu hirurok gera etorkizuna eta Jon, en fin, iragana», esan zion Gaztelumendik. Honek erantzun: «Eta Beñatek kantatzen digu bere txikitasunetik/ beti umea ez zera izango kiribiltxo horregatik».

Maialen Lujanbio jarri zuten gero bakoitzaren krisi existentzialak atzematen. Uxue «duda ibiltari bat» bezala definitu zuen, «gero ume bat izan zun eta orain du kezka bakarra», kantatu zion.

Doinu dantza

Bertsolarien krisiak ere agerian gelditu ziren, beti doinu berberak erabiltzen dituztela egotzi zien Jexux Mari Irazu eta Eneko Lazkozi, saio osoan zehar off-ean aritu zen gai-jartzaileak -Ramuntxo Christy-k esan bezala, krisia hori ere, «Bertso Egunean bertso saio bat gai emailerik gabea»-.

«Ta doinutan doinuena ez ote da Habanera», hasi zen nafarra kantuan eta denen sorpresarako, bertso erdian aldatu eta «ETAren su-etenetik» doinuan jarraitu zuen. Irazuk testigua hartu, eta hamarreko txiki bat bost doinu ezberdinetan osatzeko gai izan zen.

Igor Elortzak, berriz, bakarka kantatu zuen, antsietate krisi baten erdian: «Goizeko sei t'erditan trena hartu herrian/ ofizinan zortzi ordu, pintxoa eguerdian/ kirola eta konprak joan etorrian/ bueltatu, haurrak hartu, afaldu neurrian/ biharko planak egin, lo erdi guardian/ nola ez naiz ba biziko ni itolarrian/ hori dena badaukat goizero eztarrian».

Jon Maiak eta Andoni Egañak ohe batean eserita, elkarri bizkarra emanez egindako bertsoaldia berriro osorik entzuteko horietakoa izan zen. «Hasieran elkarri helduta egiten zenuten lo, gero buruz gora, orain elkarri bizkarra emanez». Bertso bakoitza erdibana osatu zuten, bat hasi eta besteak bukatu. «Entzun det hor zabiltzala bai rock- and-roll ta bai trago/ zu bizirik zaude baina zure atal bat hilda dago», esan zion Egañak. Arrazoiaren azalpena, Maiak: «Baina behin nire atalak bakarrik utzi ninduen/ panorama ikusita bere burua hil zuen».

Egañak, Xabier Lizaso piano-jotzailearen laguntzaz, bere arreba Arantzari eskainitako bertso-sorta ere berezia izan zen oso, baita Haatik dantza konpainiak osatutako emanaldia ere.

Eta bukatzeko, «guatekea», 1.500 pertsona kantari eta txaloka jarri zituzten bi beatleek, mezu garbi batekin: Krisiaz hitz egiten badizute, erantzun, «ze krisi?». «Yellow submarine» doinuan abisatu zuten moduan, «ohartzerako denok lur azpin» egongo baikara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo