GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

PATAGONIA | Jarduera bikaina

«Pilar del Sol Naciente», Cerro Muralloneko izar berria

Lise Billon, Jeremy Stagnetto, Francois Poncet, Jerome Sullivan eta Pedro Angel Galanek osatutako taldeak hormatzarraren hego-ekialdeko zutoina zabaldu du. 1.000 metro luze da, eta 7b, A1, WI6 eta M6 zailtasuna du. 9 egun paretan eta 15 parabolt marra berrian; guztiak bileretan.

p040_f01_148x136.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Patagoniako denboraldiak aurrera jarraitzen du. Inoiz ez bezala, El Chalteneko «kanpaleku nagusiak» alpinista uholde ikaragarria jaso du. Horren ondorioz, batez ere Fitz Roy eta Cerro Torreko mendiguneetan makina bat eskalada egin dira. Hala ere, ingurumari hartatik at ere mugimendua izan da. Besteak beste, Cerro Murallonen.

Aurreko kronika batean hormatzar horretan boskote batek eginiko jarduera bikain baten berri eman genizuen. Oso labur eman ere. Informazio gehiago jaso dugunez, talde horrek lortutakoaren inguruan luze eta zabal hitz egingo dugu. Aipatu genizuen Lise Billon, Jeremy Stagnetto, Francois Poncet eta Jerome Sullivan frantziarrek eta Pedro Angel Galan espainiarrak mendiaren hego-ekialdeko zutoina zabaldu zutela. «Bide berriak «Pilar del Sol Naciente» du izena, eta bere «nortasun agiriak» hau dio: 1.000 m, 7b, A1, WI6 eta M6. 34 eguneko espedizioa, 9 egun marra berria zabaltzeko eta kilometro bateko sormen lanean soilik 15 parabolt; guztiak ala guztiak bileretan jarri zituztenak.

Cerro Murallonera iristera ez da batere erraza, lekutan egoteaz gain, hurbiltzeko bidea oso desatsegina da: «Glaziar arriskutsu bat zeharkatu behar izan genuen; 20 kilometro inguru. Oso hautsia zegoen; hots, artesi piloa zituen. Oso informazio urria genuen, besteak beste, eremu horrek bisita gutxi izan dituelako. Eskiekin zein pulkekin egin genuen ibilbidea».

Glaziarra zeharkatzeko komeriak izan bazituzten ere, aurrean zuten paretak bestelako ikuspegia eta saria eman zien: «Hormatzarrak bide logiko zein zuzena eskaini zigun. Marraztuta zituen artesi tenteak ederrak ziren. Head walla, berriz, ikaragarria eta zaila. Eta, amaitzeko, mistoko azken luze gogorrak. Hitz batean esanda, zabaldu berri dugun marra erabat osoa da».

Sari ederra boskoteak erdietsi duena, batez ere kontuan hartzen badugu, alpinista askoren xede erakargarria zela. Soilik datu bat: Jose Luis Fonrouge eta Rafael Juarez historikoak marra hori lehen aldiz igotzen saiatu ziren 1974. urtean.

Eguzki izpien saria

Joan den abenduan zabaldu zen bide berriaren asmoak ia urtebete inguruko antolaketa behar izan du. Bruno Sourzacek Cerro Muralloneko ekialdeko paretaren argazkia pasa zien. Taldea osatu, eta azaroan Patagoniara abiatu ziren. Esan bezala, tokitan da Cerro Murallon, eta, hori guztia gutxi izango balitz, hurbilketa bidea oso deserosoa da: «Komeriak izan genituen hiru eguneko ibilbidea egin ahal izateko. 35 kiloko petateak garraiatu behar genituen, eta, glaziarra hain hautsia zegoenez, tentsio handiko uneak pasa genituen. Hala ere, kanpaleku nagusia altxatu eta beldur guztiak baztertu ziren. Haizeak eta euriak bisita egin ziguten, baina oso emozionatuta geunden. Biharamunean eguzkia atera eta zazpi luze zabaltzeko aukera izan genuen. Artesi perfektuak ziren, eta 300 metro horietan soka finkatu ondoren kanpalekura itzuli ginen».

Berriro glaziarrera jaitsi ziren materialaren azken garraioa egiteko, eta bat-batean ekaitz bortitz batek harrapatu zituen. Den-dena blai zuten, baina, zorionez, ekaitza baretu, eguzkia atera, materiala lehortu eta lanari ekin zioten berriro. Paretan bi petate handi eta bi hamakarekin sartu ziren: «Francoisek eta Jeremyk eskaladaren lidergoa hartu zuten, eta besteok garraio lanetan jardun genuen. 7b graduko luze batean Jeremyk bloke handi bat bota zuen. Eskerrak zati tente batean geundela! Hurrengo ezustekoa telefonoak eman zigun. Kontaktatzeko aukerarik ez genuenez, eguraldiaren inguruko informaziorik gabe geratu ginen. Arduratzeko motiboak genituen. Eskalada oso atsegina, ederra eta kalitate handikoa zen, baina euriak elurrari lekukoa eman eta egoera arras aldatu zen. Hotz ikaragarria egiten hasi zen, eta, Pedrok adibidez, gorriak ikusi zituen».

Elurraren agerraldiak zaildu egin zuen eskalada, eta Sullivanek, lan ederra egin ondoren, sabai baten azpitik zeharkaldia egin eta korapiloa askatu zuen. Hori bai, ez zuen era askean igo. Paretari metro asko «jan» ondoren, boskotea gailurretik gertu zen. 150 metro inguru falta zitzaizkien gailurrera ailegatzeko. Orduan, elurrak euriari pasa zion lekukoa. Eguraldi traketsa bazuten ere, eskalatzen jarraitu zuten. Artifizialean igotako ia luze guztiak era askean sinatu zituzten. Artesiak ez zeuden bustita, baina bat izotzez beteta. Mistoko tximinia tente batera heldu ziren. Tontorretik oso gertu ziren: «Aurrean genuen tarteak oso zaila zirudien. Gure artean kezka azaldu zen: gailurrera iristeko aukera izango ote dugu? Jerome sokaburu jarri zen. 15 metroko placage bat eskalatu zuen: oso arriskutsua zen. Gaua zen, eta gure kidea ez genuen ikusten. Bat-batean, goitik elur perretxiko handi bat erori zen. Jeromek 20 metroko erorikoa izan zuen, baina onik atera zen. Egundoko sustoa hartu genuen! Zorionez, soilik piolet bat galdu zuen. Goizaldeko 2:30 ziren. Metro koadroko harkaitz batean dardarka geunden; erabat izoztuta».

Gau hotza igaro ondoren, egunsenti ederra atera zen. Leher eginda zeuden, ia energiarik gabe, baina lehen eguzki izpiek zer edo zer berotu eta tontorrera abiatu ziren: «Azken saioa 34 ordukoa izan zen, etenik gabekoa. Azken metro gogor batzuk eskalatu behar izan genituen; izotzean, 90° gradukoak. Gailurrean ginen, erabat nahastuta; izan ere, une hartan ez ginen gai egindako eskaladaz jabetzeko. Ederra izan zen, eta batzuk emozionatu egin ginen. Leher eginda, jaisten hasi ginen. Jeromek istripua izan eta sorbaldan min hartu zuen. Denok onik iritsi ginen paretaren sarrerara eta barne-barnetik egundoko garrasiak atera zitzaizkigun. Inoiz ez dugu halakorik bizi!».

bide berria

Billon, Poncet, Stagnetto eta Sullivan frantziarrek eta Galan espainiarrak «Pilar del Sol Naciente» marra sortu dute Cerro Murallonen

9 egun

Guztira, bederatzi eguneko jarduna izan zen. 15 parabolt jarri zituzten; guztiak ala guztiak bileretan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo