GARA > Idatzia > Euskal Herria

Barcina alboratuz UPNn botere handiagoa izango duela esan du Catalanek

UPNk martxoan egingo duen batzarrean Yolanda Barcina alderdiko presidente kargutik kentzeko asmoa zuela onartu du Alberto Catalanek. Azken honek presidenteorde izaten jarraituko du, ostera, biek hala adostuta, nahiz eta orain arte baino botere handiagoa izango duen. Hortaz, Barcinak Gobernua izango du ardura bakarra. UPNn politika egiteko era berriak behar direla gehitu du Catalanek, eta PSNrekin akordioa berregin nahi du abertzaleen bidea oztopatzeko.

p012_f01.jpg

M.D. | IRUÑEA

UPNk martxoan egingo duen batzarrean zerrenda bakarra aurkeztea adostu dute Yolanda Barcinak eta Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak. Akordio horrek alderdiaren kontrola bere esku uzten duela nabarmendu zuen atzo Catalanek.

«Diario de Navarra» egunkarian atzo argitaratuko elkarrizketa batean azaltzen zuenez, UPNko kideen eskaerari erantzunez, Barcinari aurre egiteko alderdiaren presidentetzarako hautagai izateko asmoa zuela baieztatu zuen. «Alderdiak zuen egoera ikusita, ez nuen arazorik pauso hori emateko», esan zuen.

Alde horretatik, haserre agertu da Catalan bere hautagaitzaren iragarpena erdibidean gelditu dela diotenekin. «Zalantzarik ez izan. UPNren presidentetzara aurkeztekoa nintzen».

Catalanen esanetan, Nafarroako Gobernuak denbora asko eta ahalegin handia eskatzen du, eta horregatik «logikoa da alderdiaren presidenteordeak presidentearen eskumenak edo jarduerak jasotzea».

«UPNk proiektu berria behar du, helburu berriak, politika egiteko bestelako modu bat, hurbilagoa, zintzoagoa, errealitatetik gertukoagoa, pasio handiagokoa...», adierazi zuen Catalanak Barcinaren zuzendaritzari kritika gogorra eginez.

Azken urteotan UPN ez dela afiliatuengandik gertu egon gaineratu zuen Catalanek. «Ez naiz gauza berririk esaten ari. Alderdi barneko lana bultzatu beharra zegoen, baita jendarteari begira egin behar den lana ere».

PSNrekin adiskidetzea

Barcinari egin zion beste kritika latz bat PSNrekin harremana eten izana izan zen. «Nafarroako Parlamentuan Foru Hobekuntzaren eta Konstituzioaren aldeko gehiengoa osatzeko aukera bakarra UPNren eta PSNren arteko akordioa da. Hori egitera behartuta gaude. Eta egiten ez badugu, independentismoari mesede egiten diogu. PSNrekin akordioa berrosatzeko formulak bilatu behar ditugu», adierazi zuen Catalanek.

Roberto Jimenez Gobernutik botako lukeen ala ez galderari zeharka erantzun zion Catalanek. «Iragana iragana da. Gobernuko presidenteak bere arrazoiak izango zituela suposatzen da», bota zuen.

Madrilgo Parlamenturako hauteskundeetan PPrekin koalizioan aurkeztu izana ere ez du begi onez ikusten Catalanek. «UPNk askea izan behar du, baina emandako hitza betetzen duen alderdia da. UPNk eta PPk osaturiko azken koalizioak ez zituen espero genituen emaitzak lortu. Argi dago», adierazi zuen.

Hauteskundeak beharbada

Hauteskundeak aurreratzeari buruz antzeko erantzuna eman zuen. «Une honetan, krisi ekonomikoa gainditzeko konponbidea ez da hauteskundeak aurreratzea. Egia da, ordea, ezin dugula onartu jasanezina den egoera batera heltzea, Parlamentuak Gobernua etengabe blokeatzea. Konponbide bat aurkitu beharko genuke. Eta hauteskundeak deitzea aukera bat izan daiteke», zehaztu zuen.

Azkenik, hauteskunde horietan UPNren hautagaia Yolanda Barcina edo Alberto Catalan izango ote den galderari ere ez dio erantzun argirik eman. «Hori ez da orain dugun afera. Dagokionean baloratu beharko dugu», esan zuen.

NAVARRA BUILDING

Antonio Catalan da Navarra Building enpresako burua, «Diario de Noticias»-ek atzo argitaratu zuenez. Enpresa honek ustez informazio berezia erabili zuen CANen bulegoak erosteko, Barcina tartean zela.

bi Buru

Alberto Catalanen esanetan, egokia izango da UPNrentzat alderdian eta Gobernuan buru bana izatea, EAJk erabiltzen duen ereduaren antzera. Gobernuak Barcinari ahalegin handia eskatzen diola dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo