Aizkora | Apustua
Jon Irazu nahi bezala aritu da
Zizurkildarrak bere ibilbidean beste pauso bat eman du, eta goi mailako aizkolariei kontuan hartzeko abisua eman zien
Jon LEUNDA
Jon Irazuk goi mailako aizkolariei bera kontuan hartzeko abisua eman zien. Zizurkilgoa aurten igo da Lehen Mailara, eta atzo Xabier Zalduaren aurkako apustuan erakustaldia eman zuen. Oso lan ona egin zuen, eta erraztasun osoarekin irabazi zuen saioa.
Aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau oinbiko erdibitu behar izan zituen. Enbor txikiak Zalduak plazaratu zituen, eta handiak, berriz, Irazuk. Hauek enbor onak atera ziren; kana-erdiko batzuk, berriz, gogorrak. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatu zituen. Irazuk Labaka eta Zubeltzu izan zituen laguntzen, eta Iruntxiberri eta Larretxea, Zalduak. 800 ikusle inguru batu ziren Tolosako zezen-plazako harmailetan.
Irazuk erabateko nagusitasuna erakutsi zuen lehen enborretik. Dirua 100-80 eta 100-60 bere alde zuen, baina lanean hasi eta berehala amaitu ziren, inork gutxik jokatu baitzuen hortik aurrera. Ordubetean lanak amaitu ezetz ere kantatu zen, baina Jon Irazuri lau minutu pasa sobratu zitzaizkion ordubetera iristeko.
Zizurkildarrak lehen kana-erdikoan zortzi segundoko aldea kendu zion, eta bigarrengoan tartea gehitu egin zuen, aldea hamar segundora pasatuz. Hirugarrengoan zuloa 20 segundora pasatu zen. Laugarren enborrean oinbikoetara pasatu zen Irazu, eta Zalduak kana-erdikoetan jarraitu zuen. Beraz, benetako erreferentzia bat izateko lan erdietara arte itxaron beharra zegoen. Halere, Bigarren Mailako Euskal Herriko txapeldunak aurretik jarraitzen zuela ikusten zen, eta hori lan erdiak amaitu zituztenean ikusi eta baieztatu ahal izan zen. Irazuk 25 minutu eta 27 segundoan amaitu zituen lan erdiak, eta 27 minutu 54 segundo behar izan zituen Xabier Zaldua zumarragarrak.
Bi minututik gorako tartea zeukan alde Irazuk, eta garbi zegoen apustua erabakita zegoela ezer gertatu ezean. Horrelaxe izan zen, zizurkildarrak bere lana lehen bezalaxe egiten jarraitu zuen. Berriro ere kana-erdikoak utzi eta oinbikoetara pasatu zen Irazu, eta Zalduak azkenerako utzi zituen, baina garbi ikusten zen zein zihoan aurretik, eta amaieran oinbiko bat eta 12 segundoko tartea kendu zion Irazuk Zalduari.
Irazuk hiru kana-erdiko ebaki zituen, gero bi oinbiko, ondoren beste hiru kana-erdiko, gero bi oinbiko eta, azkenik, lau kana-erdiko. Denborak hauek izan ziren: 2.17, 5.20, 9.00, 14.10, 19.16, 22.32, 25.27, 29.34, 35.11, 41.00, 44.32, 47.53, 51.30 eta 55.12. Zalduak bost kana-erdiko ebaki zituen jarraian, ondoren bi oinbiko, gero beste bost kana-erdiko ebaki eta bi oinbikorekin amaitzeko. 2.25, 5.30, 9.20, 12.38, 15.49, 21.39, 27.54, 31.35, 35.36, 40.12, 44.00, 55.25 eta 60.40 izan ziren egin zituen denborak.
Jon Irazu hasieratik hasi zen aldea ateratzen eta lan erdietarako bi minututik gorako tartea zabaldu zuen bere alde. Denera zazpi minututik gorako aldea atera zion Zalduari.
«Aizkoran gozatuz aritu naiz. Oso gustura geratu naiz egindako lanarekin», esan zuen Jon Irazuk atzoko apustua amaitu zenean.
Kana-erdiko batzuk oso gogorrak atera ziren, baina horiek ez zutela inolako eraginik izan esan zuen zizurkildarrak: «Egia esan, egur bigunak edo gogorrak izateak ez ninduen kezkatzen. Biekin aritu naiz entrenatzen eta ongi etorri naiz». Gero, zeini eskaini ere bazeukan. «Etxekoei, nire lagunei, eta hasieratik nirekin egon diren guztiei. Beraiek gabe ezinezkoa izango zen hau dena lortzea», adierazi zuen zizurkildarrak.
Xabier Zalduak, berriz, ez zuen inongo aitzakiarik jarri: «Irazuk argi eta garbi utzi du ikaragarrizko aizkolaria dela, eta Lehen Mailan ere oso ongi ibiliko dela. Zoriontzea besterik ez zait geratzen», aitortu zuen Zumarragako aizkolariak saioaren ostean. J.L