Josebe Egia
Indarkeria, polizia eta baliabideak
Ikerketa baten arabera, edertasunak, lagundu baino, kalte egiten die emakumeei zenbaitetan, Espainiako Estatuan behinik behin; bereziki epaitegietan, genero indarkeriaz ari garela, biktima bat tratu txarrak jasandako emakumearen profilari egokitzen zaion baloratzean.
Jakina da emakumeen aurkako indarkeriak ez duela adin, herritartasun edo ahalmen ekonomiko zehatzik; alegia, ezin daitekeela profil bakarraren arabera azaldu eta horretara mugatu, babesgabe utziko bailirateke biktima asko eta asko, eta zigorrik gabe horiek bezainbeste erasotzaile. Baina praktikan, kasu horien artapen kate luzean esku hartzen duten eragileen aldetik egon badago, onartezina dena, arazoa betiko erauziko badugu. Baina, antza, itxura oneko emakumeak, areago ekonomikoki gorenean dagoela badirudi, gehiago frogatu behar du bere bizipena; hau da, nekezago erreparatzen zaie bere hitzei.
Edertasuna epaitzen da batzuetan, jarrera besteetan. Hemen eta mundu zabalean. Duela gutxi Indiako jendartea biziki astindu duen bortxaketa kolektiboaren harira, bertako emakumeek bizi dutenaren hainbat alderdi nabarmendu dira hedabideetan. Besteak beste, gizonengan emakumeen jarrerek eragiten duten sumina eta ondoriozko biolentzia, eta bertako poliziak direla biktimek jasan beharreko indarkeria osteko bigarren izugarrikeria. Lehena dela-eta, ez zaie barkatzen aske eran ibiltzea, beren bizimoduari dagokionez, ez izatea otzan, ez bizitzea jendarte erabat patriarkalaren mende, txikitatik gizonak zaindu eta babestu eta emakumeak, jaio daitezen onartuz gero, gaitzetsi eta baztertu egiten duen horretan. Poliziaren jarrerari dagokionez, zaharrak berri. Gertatzen dena da herrialde batzuetan askoz ere nabarmenagoa eta bortitzagoa dela, disimulurik gabea, alegia, eta beste batzuetan, berriz, «zibilizatuagoa», ezkutuagoa, finean; biak ala biak ustel-ustelak. Baina nagusitasun handiz gizonek eratzen duten segurtasun-indar horretan, «agian mereziko zenuen» erako ikuspuntu eta jokabidea ez da batere ezohikoa. Indian, eta han bezala beste herrialde asko eta askotan, jendartearen erdia beste erdia bezainbeste babesteko kontzientziarik eta konpromisorik eza horrez gain, langile kopuru urria, prestakuntzarik gabea eta, laburbilduta, baliabide materialen eskasia dute; artatu beharreko kasuak -pertsonak-, ordea, milaka eta milaka.
Bata eta bestea dira herrialde horiei guztiei ahalbidetu behar zaiena, mundu mailako erakundeetatik ere bai, munduko biztanleriaren erdia baita jokoan dagoena: hainbat arlotan giza baliabide gehiago, eta horien guztien kontzientziazioa eta konpromisoa, batetik, eta baliabide materialak, bestetik. Lehenengoa, herrialdeak berak landu beharko du batik bat, errotik, baina munduko beste leku batzuetako emakumeen ahotsak lagungarri, geure eskubideen aldeko borroka luzean irabazitako eskarmentua transmititze aldera. Baliabide materialen mundu mailako banaketan, berriz, lehentasunak irauli, edo iraularazi, egin beharko ditugu, mundu osoari mesede egingo dion zerbait egiten has gaitezen.