GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola | Informatika ingeniaria

Sony eta Mega: copyright-aren bi aurpegi

«Sony-k eskutik heldu eta Mega-k bizkarra eman», halaxe ikusten ditu egileak copyright-aren eztabaidan bi konpainiok, hartu dituzten eta lerrootan aztertzen dituen erabaki zehatzei erreparatuta. Batetik, Sony Music diskoetxearen «iruzurra», copyrightaren hedapena, egile eskubideak Europan beste hogei urtez luzatzeko xedez «The 50th anniversary collection. The copyright extension collection» argitaratu bilduma berria. Eta bestetik, FBI-k Megaupload itxi eta urtebetera, Mega sortu eta artxibo zifratuak partekatzeko modu berria nabarmentzen du, lehen hogeita lau ordutan milioi bat erabiltzaile lortu zituena, hain zuzen.

Urtarrilak copyright-aren bi aurpegi erakutsi dizkigu. Sony Music multinazionalak Bod Dylan-en 86 abesti biltzen dituen bilduma bat kaleratu du (soilik 100 kopia), helburu bakar batekin: copyrighta 50 urtetik 70 urtera hedatzeko. Ia une berean, Mega sortu du Kim Dotcom enpresariak, FBIk itxi zuen Megaupload artxiboen trukerako webgunearen sortzaileak. Bi gertakariek copyrightarekin harreman estua dute, baina Sonyk eskutik heltzen dion bitartean, Megak bizkarra emateko saiakera berri bat egin du.

Sonyren azken urratsaren oinarria Europar Batasuneko copyright legearen aldaketan dago. Direktiba berria 2008an proposatu zuen Europako Batzordeak, musikariek, oro har, euren ibilbidea oso gaztetan hasten dutela argudiatuz eta egile eskubideak ia bizitza osorako bermatzeko helburuarekin. 2009an bozkatu zen parlamentuan eta 2011ko irailaren 12an onartu zen Bruselan, ministro-kontseiluan. Lege berria 2014an sartuko da indarrean eta orain arte 50 urteko copyright babesa zena, 70 urtekoa izatera pasako da. Hortaz, 1963tik aurrera argitaratu diren lanei soilik aplikatuko zaie, 50 urte horiek bete gabe dituztenei. Hori horrela, 1963a baino lehen argitaratu ziren lanak domeinu publikokoak izatera pasako dira. Hori gertatu da Bob Dylan-en »Bob Dylan» lehen albumarekin, 1962ko argitaratu baitzen. Eta baita The Beatles-en «Love me do» abestiarekin ere.

Egile eskubideen edo copyrightaren hedapen honen onuradun nagusiak diskoetxeak eta garai hartako artista eta egun ezagunak direnak dira. Hau da, Bob Dylan, The Rolling Stones, The Beatles eta gisakoak. Garai hartan ezagunak izan arren egun ez direnek, ez diote lege berriari onura askorik ikusiko.

Eta hori argi ikusi eta erakutsi du Sony Music diskoetxeak. «The 50th anniversary collection. The copyright extension collection Vol I» argitaratu berri du. 86 abesti, 4 CD-tan. 100 kopia soilik argitaratu ditu. Argi dago, batetik, 100 kopia kaleratzeko erabakiagatik, argitalpen honen helburu nagusiak ez duela salmenten irabazi ekonomikoekin zerikusi zuzenik. Bestetik, eta argitalpenaren azpitituluan argi adierazten duen moduan, copyrightaren hedapenerako argitaratu dute. Argitalpen fantasma bat da. Fikziozkoa. Iruzur gisa ere uler daiteke. 1962 eta 1963ko grabazioak biltzen ditu eta egile eskubideak Europan beste 20 urtez luzatzea izan da argitalpen honen helburu bakarra.

Berrogeita hamar urtetan gauzak aldatuko ez balira bezala jokatzen dute. Copyrightaren defentsa sutsuan jarraitzen dute, musika entzun, eskuratu eta banatzeko moduak eta bideak aldatuko ez balira bezala. 100 kopia soilik atera dituzte, Alemania, Suedia, Erresuma Batua eta frantziar Estatuko zenbait dendatan saldu direlarik. Segituan hasi zen birsalmenta Interneten: 2.000 eurotik gorako prezioan ikusi dut salgai. Eta lor daiteke erabiltzaileen arteko artxibo partekatzea ahalbidetzen duten zenbait P2P plataformatan. Paradoxikoa. Jakin nahiko nuke, zenbat jendek erosiko lukeen bilduma bera, Sonyk baldintza arruntetan eta kopuru normaletan argitaratu izan balu (copyrightaren kontua emango ez balitz, alegia). Eta jakin nahiko nuke ere, baldintza horietan zenbat jendek deskargatuko lukeen Internetetik. Eta noski, zenbat jendek deskargatu duen fikziozko bilduma hau.

Argi dagoena da, Sonyren azken fikziozko bilduma honek Interneten aroan jabetza intelektualaren babesaren arazoa agerian uzten duela. Agerian uzten du soluzio konplikatua duela eta baita gaur egun, ditugun baliabide teknologikoekin, gobernuek defendatzen eta aplikatzen dituzten copyright legeek ikuspegi desegokia eta atzerakoia dutela.

Musikaren industriako agente ezberdinek eta gobernuek, hortaz, musika eta, oro har, eduki kulturalak eskuratu eta banatzeko modu berrietara egokitzeko asmorik ez dute. Alferrik da beraien zain egotea. Eta aurre hartu nahian dator Kim Dotcom enpresariaren azken proiektua: Mega. Kim Dotcom baldintzapeko askatasunean dago Megaupload plataformaren sortzailea izateagatik, oraindik AEBetako epaitegietan argitu gabeko salaketak baititu. Eta baldintzapeko askatasunean dela, egungo legeriaren zirrikituei heldu eta egungo Internet erabiltzaileen ohitura eta egiteko moduetara egokitzeko ahalegin berri bat egin du. Urtarrilaren 19an ireki zituen ateak Megak, FBIk Megaupload itxi zuen egunetik urtebetera, zehazki. 24 ordutan milioi bat erabiltzaile zituen plataformak, ehun mila lehen orduan. Deigarria bezain azpimarragarria da.

Megaren funtzionamendua Megaupload ixteko arrazoietatik abiatzen da, artxiboen partekatzea ahalbidetzeko modu berri bat proposatzen duelarik: artxibo zifratuen partekatzea. Hau da, erabiltzaile bakoitzak 50 GB izango ditu, artxiboz betetzeko. Artxibo horiek guztiek zifratuta egon beharko dute eta, hortaz, plataformaren arduradunek ez dakite zer dagoen artxibo horretan, ezta copyright legea urratzen duen edo ez ere. Modu horretan, ardura guztia erabiltzailearen eskuetan geratzen da, baina Megak artxiboak partekatzeko plataforma bat eskaintzen du (eta euskaraz ere badago!). Beste hitz batzuetan, Mega, enpresa gisa, ez da partekatzen diren artxiboen gaineko lege arazoen arduradun egiten (hori da Megauploadekin gertatu zitzaiona). Horretaz gain, artxiboak online gordetzeko biltegiekin lehiatu nahi du, DropBox eta Google Drive-rekin kasu.

Artxiboak zifratuta egoteak segurtasun maila handitzen du, horretan zalantzarik ez dago. Baina sortzaileak berak adierazi duenez, aurrez ez bezala, erabiltzailearen datuak gordeko dira (IP helbidea, aktibitatearen erregistroa, cookieak eta abar). Segurtasunean irabazi duena pribatutasunean galdu du, agian. Baina proposamen aurrerakoia izaten jarraitzen du.

Sonyk eta Megak, biak ala biak enpresa gisa ulertuta, sektore berdineko produktuekin aberasteko oso estrategia ezberdina diseinatu dutela nabaria da. Sonyk badaki Bob Dylan historiako artistarik deskargatuena dela, baina copyrightari eskutik jarraitzea erabaki du. Megak badaki musikaren industria, besteak beste, nola aldatu duen Internetek, eta egoera horretara egokitzen saiatzen den eskaintza bat egiten du. Ikusiko da Megak zein urrats egiten dituen eta legearen zirrikituetatik bidea egiten duen, betiere Sonyren estrategia atzerakoietatik urrun.

Edozein kasutan, batean zein bestean, gainditu behar den barrera, soluzioa behar duen arazoa, zaharkituta dagoen sistema eta oinarrietatik abiatuko den eztabaida behar duen kontzeptua, copyrightarena da. Copyrighta bere esanahirik eta aplikaziorik zabalenean. Hau da: Internetera egokitzen den jabetza intelektualaren babesaren definizio berria behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo