GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Baionako suprefeta, bere kezkak salatua

Baionako suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari igorritako gutunak, hots, ikastola berriari diruz laguntzeko debekuak, Seaskaren erantzuna jaso zuen atzo, eta heldu den larunbatean herritarrena ere izanen du Hendaiako karriketan. Hiri horretako ikastola ez ezik, ikastola gehienak ere arriskuan jarri baititu frantses Gobernuaren ordezkariak. Oso arduratsu agertu da Dallennes jauna frantses Errepublikaren legeak betetzeaz den bezainbatean. Kasu honetan iraganera, oso iraganera, jo du preseski ikastolen lan eskerga eteteko lege baten bila, pentsamolde zaharkituaren arrasto nabarmena erakutsiz. Eta nabarmen utzi du, halaber, bere menpeko herrietako hizkuntzak «bere ondare» direla dioen Estatua ere. Suprefetaren debekua euskararen irakaskuntzaren aurkako eraso zuzen eta bortitza da. Izan ere, beste erakunde pribatu batzuei emandako laguntza publikoek ez dute kezkatzen frantses Gobernuaren ordezkaria; iduri luke euskararen irakaskuntzari emandakoek baizik ez dituztela frantses Errepublikaren legeak urratzen. Baina suprefet jauna beste egitate batek kezkatzen du egiaz: Seaskak, esfortzu handia eginez eta anitz oztopo gainditurik, gero eta ikasle gehiagoren eskaerari erantzuten diola. 1850eko lege bat baino gehiago beharko du egitate hori ezabatzeko. Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu okerragorik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo