GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Bueltan jaso edo ez jaso

Ez dut lorerik etxean, dagoeneko izen hori galdua duelako, izan ere, lorontzi ederrean lehor-lehor eginda dagoen zuztarrak. Zaintza gutxi behar zuela aginduta iritsi zen etxera, baina, «gutxi» hori erlatiboa da edota ondo interpretatzen ez dut ikasi. Landarea erabat edertzen zuen lore gorri eta bakarra berehalakoan galdu zuen eta egunetik egunera hasierako distira galtzen joan zen erabat sikatu zen arte. Oraindik ere han da, lorontzi ederrean pausatuta, haren hurrengo apopiloa noiz etorriko.

Gabonetan sekulako sorpresa hartu nuen etxean jasotako opariarekin. Aspaldidanik adierazi nuen nahia, baina inoiz inork ez zion amuari eutsi orain artean. Dortoka txiki polit bat daukat ordudanik etxean, nik ondokoak aspertzeraino errepikatu dudan moduan, pintzelarekin margotuta dirudiena. Ez da garairik hoberena berarentzat, hotza tarteko, apenas mugitzen delako egun osoan zehar. Apaingarri jarriak dituen eskaileren pean ematen ditu gauak eta egunak eta botatzen diodan jatekoari ia ez dio begiratu ere egiten.

Lotsatuta kontatu diot bati baino gehiagori dortoka jaso dudala oparitan, horrek askoren begietara umetu egiten nau-eta. «Dortoka? Zer ematen dizu dortokak?», galdetu didate behin baino gehiagotan azken asteetan. Eta egia esan, zer esan ez dakidala geratu naiz gehienetan. Seguru asko, noizbait eskailerapetik ateratzea lortzen badut ere, ez da sekula ate ondora gerturatuko ni agurtzeko edota ez dit nik botatako makila bueltan ekarriko; baina landareek ere ez dute hori egiten eta haiek dituztenei ez diegu behin eta berriz galdetzen ea loreek zer ematen dieten zaintzearen ordainetan. «Haiek, ordea, jendaurrean erakusten ditugu», erantzungo du bateren batek.

Handitzen garen neurrian, gure denborari ateratzen diogun probetxua optimizatzen ikasten dugu, zerbait emateko zerbait jaso behar dugula, alegia. Etxeko zakurrei konpainia eskatzen diegu eta hura ematen dutelako, ulertzen dugu, edo errespetatzen dugu behintzat, inor gaueko hamabietan etxeko zapatilak jantzita kalean izoztu beharrean ikustea. Eman jasoko bada soilik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo