GARA > Idatzia > Euskal Herria

Integrazio Batzordeak gizartearen elkartasunaren atea jo du berriz

A.M. | LOHIZUNE

Urtero bezala, euskal gizartearen laguntza beharko du Ipar Euskal Herriko ikastoletan ahalmen urriko ikasleak euskaraz eskolatuak izateko lan egiten duen Integrazio Batzordeak.

Egun 37 haur daude Seaskako 16 ikastoletan eskolatuak. Horietatik 27k ezinbestekoa dute laguntzaile berezia (AVS) baina estatuak 23 soilik finantzatzen ditu. Gainerako lauren gehi hamabi hezitzaileen kostua Integrazio Batzordeak (IB) hartzen du bere gain.

Dominique Idiart IBko lehendakariak aitortu duenez, «hobekuntza batzuk izan diren arren, legea oraindik ez da errespetatzen eta Hezkuntza Nazionalak ez ditu betetzen bere betebeharrak».

96.000 euro behar

Hala, ikasleon premiei aurre egiteko aurten ere funts propioak beharko dituzte, zehazki 96.000 euro. Ohi moduan, norbanakoei, enpresei edota elkarteei elkartasun deia egin diete, izan elkarlanerako edo ekimen bereziak antolatzeko.

Otsailaren 23rako Partaide Eguna antolatu dute berriro, eta Ipar Euskal Herriko hamabost gunetan informazio mahaiak jarriko dituzte.

Horren aurretik, euskal irratien laguntzarekin informazio kanpaina egingo dute bi astez. Aurten, «ahalmen urritasuna ez ikusia usu, trabagarria beti» lelopean ahalmen urritasunen bat duten haurrek eskolan, kirolean eta bizitzako beste esparruetan ere topatzen dituzten trabak azalduko dituzte lekukotasunen bidez.