GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Ibarra eta Abadiño A buru direla, eta ezuste handiegirik gabe, amaitu da lehenengo fasea 640 kilokoan

Jon LEUNDA

Amaitu da 640 kiloko Euskal Herriko Txapelketako ligaxka, eta datorren otsailaren 9an Durangon jokatuko da finala. Bertarako lehen jardunaldiko sei talderik onenek lortu dute txartela, beraz bigarrengoan ere emaitzak oso berdintsuak izan dira, eta Sokarrik esaterako, ezin izan du inondik inora ere finalean izateko modurik egin.

Ibarra, Abadiño A, Ñapurrak, Zuraide, Murueta eta Berriozar sailkatu ziren txapela erabakiko den saiorako. Lehen multzoan Ibarra izan zen berriro ere onena. Gipuzkoarrek irabazi egin zituzten saioko tiraldi guztiak, eta garbi utzi zuten txapelaren bila joango direla. Badirudi, Abadiñorekin batera garaipena erdiesteko faboritoak direla.

Ibarraren atzetik, Murueta, Iparralde, Berriozar eta 6 Conceyos sailkatu ziren. Iparraldek eskura izan zuen finalean sartzeko txartela, baina azkenean Berriozarrek eskuratu zuen. Nafarrek bigarren saio nahiko kaskarra egin zuten, baina lehenengoan lortutako emaitza onak balio izan zien aurrera egiteko.

Bigarren multzoan, pasa den astean Abadiño eta Ñapurrak berdinduta geratu ziren, baina oraingoan berdeek erakutsi nahi izan zuten zeintzuk ziren multzoko onenak, eta sailkapeneko lehen postua eskuratu zuten, saioko tiraldi guztiak irabazita. Atzetik sailkatu zen Ezpeletako taldea, bizkaitarrekin galduta. Hori esperotakoa zen, baina hortik atzerakoekin zer gertatuko zen jakin nahi zuen jendeak, ea Sokarrik finala jokatzeko modua egiten zuen edo ez, baina bizkaitarrek ez zuten helburua lortu.

Lehen jardunaldian bezalaxe, Zuraidek berriro ere aurre hartu zion, eta lapurtarrek eskuratu zuten azkeneko ekinaldian izateko aukera. Beraz, finalean bi talde bizkaitar, bi lapurtar, eta nafar eta gipuzkoar bana izango dira. Txapelketa honetan parte hartzen ari diren eskualdeek ordezkariak izango dituzte, Asturiasek ezik, baina 6 Conceyos gonbidatu bezala ari da. Hala ere, orain arte jokatutako tiraldi guztiak galdu egin ditu, eta aurrerantzean ere horixe izango da beraien helburu nagusia, tiraldiren bat irabaztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo