GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Koltxoia desgastatzen

Nik, ostera, koltxoia ikusten dut diru sarrerarik gabekoen bake sozialaren gizartean. Bai, belaunaldi honek gastatuko du aurreko hirurek aurreztutakoa. Ez daukazula Internetik mugikorrean?

Koltxoia deitzen diot nik, langile baten semea bainaiz, aita bezala langile. 31 urterekin 13 urte kotizatu ditut gizarte segurantzan, erretirorik ez izateko, ziurrenik. Algortako langile auzo batean jaio nintzen. Hezetasuna deitzen diote XX. mende erdialdeko auzoko haurrek urteko lau urtaroetan garraiatzen zutelako lokatza herriko eskolako ikasgeletara, euren zapaten zolapean.

Batzuei ulergaitza egiten zaie Algortako langile auzoen kontzeptua. Baina ez, gure auzoa ez zuen haizete batek Ibaizabaleko ertzez aldatu. Aberats bat dagoen lekuan lau langile behar dira beti, aberatsa biziko bada.

Hau guztia ez dizuet azaldu nire klase kontzientziaren jatorri genealogiko gisara. Baizik eta koltxoiaren kontzeptua ulertzeko.

Koltxoia, mundura soilik disfrutatzera etorri direla dirudienen bizitzaren eta gurearen arteko aldea da, batzuetan. Iratzargailurik gabe eta asanbladatik akanpadara bizi direnen sekretua, besteetan. Edozein proiektu erraldoi ume baten zoriontasunez azalduko dizunaren ardura eza da koltxoia. Tailerrekoarekin ordainketa epeak negoziatu behar izan ez dituenaren patxada. Bidaiaz bidaia bizi direnen travel txartel agortezina.

Komunismoa umetan ezagutu genuen, ez geneukan ezer ere eta ez zitzaigun ezer ere falta. Nerabezaroan sozialdemokrazia ailegatu zen; batzuek diru guztia elkartu eta kuadrilla aurrekontua eratzen zuten, beste batzuek pipa pakete bi erosten zituzten, bata eurentzat eta bestea gainerakoentzat, eta gutxi batzuek txokolate palmerak ezkutuan jaten zituzten, pusketa zergarik gabeko paradisu fiskalen bila. Azkenik, koltxoia heldu zen: urliak etxea zuen bat-batean, berendiari Olentzerok autoa ekarri zion astoen bizkarraren erresistentziaren eta grabitatearen lege guztien aurka, sandia margolaria zen, sekula ez zuen koadrorik saldu, eta kontenedoretik ateratakoak ziruditen arropa ezin garestiagoak janzten zituen beti.

Sekula ez ditut koltxoidunak epaitu. Xalbadorrek legetxe zuek ez bazerate kontentu, errua ez daukat ez nik, erantzuten du buruak bihotzak belaunaldiro zerotik hasi beharko ginatekeela oihukatzen duen bakoitzean. Azken finean, nik ere ez nioke uko egingo. Gainera, esku onetan, gauza interesgarri asko garatzeko aukera izugarria baino ez da berez.

Baserririk baserri eman nituen zazpi urteetan ezagutu nuen koltxoiaren jatorria. Iratzargailu barik bizi den belaunaldi bakoitzeko beste hiru, gutxienez, oiloei jaten ematen, lantegiko suen artean kiskaltzen edo sareak batzen zebiltzan eguzkia irteterako. Ahantz ditzadan langileen lepotik bizi izan direnak, langileen aurrezki metatuez nabil eta.

Gorde beharrizana dagoenerako! izan zen euren gerra oihua eta ez zuten urtebetean euren ilobek asteburuan xahutzen dutena gastatzen.

Eta beharrizana heldu da. Azken bost urteetako langabe kopuruak ikusita, zergen aurrean ikusten ez den ekonomiari egozten dio miraria zenbaitek. Zelan bizi da jendea?

Nik, ostera, koltxoia ikusten dut diru sarrerarik gabekoen bake sozialaren gizartean.

Bai, belaunaldi honek gastatuko du aurreko hirurek aurreztutakoa. Ez daukazula Internetik mugikorrean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo