GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskalerria Irratia, euskara, etengabe jazarria

Gustu txarreko txantxa balitz bezala, Nafarroako Gobernuak euskarari, nafarrei eta euskaldun guztiei iseka egin die berriro ere Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utzita. Iruñeko bi lizentziak Cope eta Ser irrati espainiarrei eman dizkie, «aniztasuna bermatzeko». Iseka baino gehiago, disimulurik gabeko erasoa da. UPNren Gobernua behin baino gehiagotan agertu izan da euskararen politizazioaren aurka, hizkuntza hori «guztion ondare» dela esanez. Hala ere, haren praktikak egunero gezurtatzen du diskurtso hori etengabeko jazarpen politikoaren bitartez. Nafarren parte handi bati ofizialtasuna ukatzen dio; baina, gainera, eremu «ez-euskaldunean» ez ezik, «euskaldunean» eta «mistoan» ere urratzen ohi ditu euskaldunen eskubideak. ETB Lurralde Telebista Digital bidez ikusteko EAk jarri zuen hedagailua kendu eta alderdi horri isuna ezartzeak ere ez dirudi «guztion ondarea» sustatzeko ekimena. Eta atzo Gobernu horrek dagoeneko tradizio deitoragarria duena berritu zuen, Euskalerria Irratia berriro ere lizentziarik gabe utzirik. UPNren Gobernuak behin eta berriz erakutsi izan dio euskarari eta oro har nafar gehienen eskubideei mespretxua, eta orain baita Europako Batzordearen eskaerari ere. Izan ere, hark eskatu bezala euskarazko irrati bat bermatu beharrean, euskararen aurkako jazarpena bermatzeko prest dagoela adierazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo