GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroako Bertsolari Txapelketa jendetsuena, Lizarratik Iruñera

Asteburu honetan abiatuko da inoizko partehartzaile gehien izango dituen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizioa. «Sare soziala» izango du leloa eta lehenengo lau sailkatuak Txapelketa Nagusian arituko dira. Finala martxoaren 23an izango da, Iruñeko Anaitasunan.

p049_f01_142x95.jpg

A. ARRUTI | DONOSTIA

Araba izan zen lehenengo eta Nafarroa ondoren. Urtero bakarkako txapelketa egitetik, bi urtetik behin egitera pasa ziren, eta, tarteko urteetan, taldekako txapelketa antolatu zuten; Kuadrilla artekoa Araban, eta Bardoak Nafarroan. Hartutako erabakia badirudi positiboa izan dela bi herrialde hauetan, parte hartzeak gora egin baitu aurtengo edizioetan. Larunbatean Lizarran abiatuko den 41. Nafarroako Txapelketan 31 bertsolari arituko dira, horietatik sei lehenengo aldiz gainera. «Iazko Bardoak ekimenak utzi duen emaitza pozgarrietako bat izan da», azpimarratu zuen atzo Lorea Arburuak, Nafarroako Bertsozale elkarteko koordinatzaileak.

Aurtengo edizioak badu, bestalde, erakargarri egiten duen beste arrazoi bat. Udazkenean hasiko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatu ahal izateko txartela lortuko baitute finaleko lehenengo lau sailkatuek.

Bertsolari gehiago izatearen ondorioz, saio bat gehiago izango du txapelketak. Asteburu honetan Lizarran eta Aldatzen jokatuko dira bost kanporaketetako bi lehenak. Otsailaren 9 eta 10ean Larraintzar eta Iturenen izango dira eta otsailaren 16an Zubirin. Finalaurrekoak, berriz, hiru izango dira: Atarrabian (martxoak 2), Etxarri Aranatzen (martxoak 3) eta Elizondon (martxoak 9). Eta, duela bi urte bezala, finala Iruñean izango da, zortzi bertsolarirekin, kasu honetan Labrit pilotalekutik Anaitasuna kiroldegira egingo dute salto. 2011n txapeldun izan zen Julio Soto finalaurrekoetan sartuko da lehian.

«Sare soziala»

Lehia bai, baina Nafarroako Bertsolari txapelketa zerbait gehiago da, atzo berretsi zuten moduan. Hortik aurtengo leloa: «Sare soziala». «Nafarroako bertsolaritzaren izaera jaso nahi izan du. Txapelketa, lehiaz harago, oro har sare sozial gisa irudikatzen dugu», esan zuen Arburuak. «Kultura ere horrela ulertzen dugu, giza harremanetan eta auzolanean oinarritzen den sare gisa». Bestalde, Oskar Estanga bertsolari eta musikariaren sintonia erabiliko du Txapelketak.

Lizarrako larunbateko saioa benetan erakargarri dator. Xabier Silveira, Josu Sanjurjo, Saioa Alkaiza, Eneko Fernandez, Xabier Maia eta Erika Lagoma -azken hau atseden luze baten ondoren itzuliko da oholtzara- arituko dira 17.30etik aurrera, Gazteriaren etxean. Igandean, berriz, Jon Barberena, Iñigo Olaetxea, Migel Mari Elosegi Luze, Patxi Castillo, Iker Gorosterrazu eta Oskar Sanz de Acedo izango dira Aldatzeko Herriko aretoan. Sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian izango dira salgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo