GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Txema Egiguren eta Xabier Manterola Biharko Hendaiako kideak

Suprefetaren kasketa eta batzuen boneta...

Guzia Hendaiako Ikastola berriarekin piztu da, baina Ipar Euskal Herriko ikastola gehienen aurkakoa da, eta horrelako jarrerarik ez dadin berriro gerta, legea aldatzea ezinbestekoa da

Ez dira gaurkoak prefet edo suprefetaren gutunak tokiko auzapezei ikastoletako egoitzak altxatzeko unean. Ez dira gaurkoak mehatxu eta beldur ezartze kontuak, baina denboraren poderioz, Seaska eta ikastolen lan seriosak emaniko sinesgarritasunak lagundu izan du alde guzietako hautetsi eta auzapezekin Falloux Legeari zirrikitua aurkitzea, nahiz eta guzia nolabaiteko molde hipokritan eman.

Horrela egin izan da bidea, horrela egin da aitzina, nahiz eta hor goiti beti presente egon den eta dagoen, azkeneko gertakariek garbiki erakusten diguten bezala, Damokles baino Falloux Legearen ezpata madarikatua.

Euskararen eta euskaraz irakastea noizbait normalizatuko delakoan egiten da lan, jakinik euskararen salbatzeko garaiz berandu baino %30eko kopurura iritsi beharra dagoela murgiltze sisteman, eta kasik ilegaltzat aurkezten diguten hauek iraganeko denboretan bezala ari dira oraino, frantziar errepublika eta publikotasuna bezalako argudioak izanik, egun ez baitira franko ausartzen, edo ez delako on aitortzea, euskara eta ikastolen aurka daudela.

Lege zaharra, oso zaharra, duela hogeita hamar urteko moldeak, baina egoera eta jendartea ez dira berdinak eta egun, lan franko egiteke egon arren, Ipar Euskal Herria euskararen berreskuratzearen norabidean dagoela begi bistakoa da.

Hala ere, oraino ez da guzia irabazia, suprefetaz gain, aurkako jarrera hartu baitute Hendaiako zonbait hautetsik, ezkerreko edo eskuineko eta auzapezaren zerrendan daudenak.

Hendaiako Gure Ikastola berriaren xedea ez da gaurkoa, nahiko beranta du jada, ekintzak baino hitz soilak egon baitira, baina ikastolaren azken mobilizazioaz geroztik, aldekoen mugiaraztea suposatu duelakoan gaude, orduz geroztik agerian ikusi direlako bata eta bestearen arteko desadostasunak, ezezkoak eta dimisio bat.

Beraz, suprefetaren kasketaz gain, boneta batzuk ere egon dira joko egin diotenak Parisetik gurea, alor guzietan, gobernatu nahi dutenei.

Guzia Hendaiako Ikastola berriarekin piztu da, baina ukaniko erasoa Ipar Euskal Herriko ikastola gehienen aurkakoa da, eta horrelako jarrerarik ez dadin berriro gerta, legea aldatzea ezinbestekoa da, kapelu eta bonetatik ez dezaten berriro atera gutun, mehatxu eta horrelakorik.

Larunbat honetako manifestaldiarekin, fermuki, ozenki eta irri eginez erakutsi beharra dugu, Hendaian, baina Euskal Herri zabalari, urteetan eginiko lana, urteetan borroka bidez lorturikoa ez dadin bere horretan utzi, beharra eta nahiaz gain, determinatuak gaudelako euskararen berreskuratze prozesuan murgiltze sistema bidez.

Hendaiako Ikastola berria orain! Ez hunki hango eta hemengo ikastolak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo