GARA > Idatzia > Euskal Herria

Labazeek Senatuan eskatuko du hizkuntza gutxituak Eskola Legean jasotzeko

PSko senatariak Eskola Lege berriak hizkuntza gutxituak espresuki aipatzea eskatuko dio Gobernuari, kontrakoa «gaizki har» daitekeelako. Hezkuntza ministroari galdera zuzena pausatuko dio Senatuan.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Paueko Kontseilu Nagusiko presidente eta PSko senatari Georges Labazeek deitoratu egin du Gobernuak hezkuntza eraberritzeko abenduaren 5ean aurkeztu zuen lege-proiektuan hizkuntza gutxituak jaso ez izana.

Bere ustetan, «asmo handiko» lege horretan «eskualdeko hizkuntzak» espresuki ez aipatzea «keinu ezkortzat har daiteke». Izan ere, bere esanetan, lege berri horrek berretsi egin beharko luke François Hollande presidenteak «Frantziako ondarea diren eskualdeko hizkuntzen irakaskuntza laguntzeko hartutako engaiamendua». Hala, Vincent Peillon Hezkuntza ministroari zuzenean galdera egingo dio gai honi buruz otsailaren 19ko Senatuko saioan, hizkuntza gutxituak legean jasotzeko eskatuz.

Hutsune hori gogor salatua izan da bai Estatuan eta bai Euskal Herrian. Hezkuntza publikoan hizkuntza gutxituen irakaskuntza bultzatzen duen Flarep federazioak eta hamasei elkartek protesta gutuna igorri diote Gobernuari. Ildo beretik, Jean-Jacques Lasserre MoDemeko senatari eta kontseilari nagusiak, hizkuntzok «merezi duten tokia» izan dezatela exijituz mozio bat aurkeztu zuen duela bi aste Kontseilu Nagusian, aho batez onartu zena.

Erreakzio hauek guztiak gertatu eta ia aldi berean egin dio Baionako suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari ohartarazpena, hau da, herrian ikastola berria eraikitzeko egitasmoa, legez, ezin dela diru publikoarekin lagundu abisatuz.

Erreakzio biziak

Berriak hautsak harrotu ditu euskalgintzan eta hezkuntzan diharduten eragileen artean, eta Seaskak manifestazio bat deitu du datorren larunbaterako, Hendaian.

EAJ-PNBk ikastola berriaren eraikuntza «trabatzeko» suprefet berriak aspaldiko Falloux legea baliatzea kritikatu du. «Euskara salbatzeko eta azkartzeko eraginkortasuna erakutsi duen murgiltze sistema» sustatu behar dela deritzo. Horrenbestez, «XIX. mendeko legea egungo egoerara» egokitu dezala eskatu dio Gobernuari, «ikastoletan zein eskola katolikoetan euskarazko hezkuntzaren garapena oztopatua izan ez dadin».

Bestalde, Iribas kontseilari nafarraren adierazpenak, Wert ministroaren erreforma eta Baionako suprefetaren ohartarazpena adibidetzat hartuta, «hezkuntzari lotutako erasoaldiaren aurrean erantzuteko beharra nabarmendu du» Kontseiluak.

«Eraso» horiek «hezkuntza sistema propioaren eta kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politikaren beharra» agerian uzten dutela gaineratu du, eta jarraian, euskal erakunde eta alderdiei dei egin die eskura dituzten tresna guztiak erabiltzera, «euskal gizarteak garatu duen sistema blindatzeko».

Gainera, suprefetaren erabakiaren larritasunaren aurrean «komunitate bezala» agertzeko deialdia egin du. Ildo horretan, Hendaiako manifestazioan parte hartzera animatu ditu «euskaraz bizi nahi duten herritar guztiak».

BAKARRAK

Kontseiluko buru Paul Bilbaok gogoratu du Ipar Euskal Herrian gaur-gaurkoz ikastolak direla «euskara eta euskaraz ikastea bermatzen duten bakarrak». Bat egin du Hendaiako mobilizazio deialdiarekin.

MANIFESTAZIOA

Baionako suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari egindako ohartarazpena Ipar Euskal Herriko ikastolen %90entzat «mehatxutzat» hartuta, Seaskak manifestazioa deitu du larunbaterako, 17.00etan, geltokitik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo