GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Juan Luis Bikuñari, mesede bat eske

Barkatuko didazu, Bikuña jauna, honela, hain lotsagabe agian, zugana zuzentzeagatik. Badakizu, biak ala biak gara Bergarakuak, biok badugu prentsan zutabetxo baten leihoa gure iritziak plazaratzeko eta, gaurko honetan, profesionalki oso ortodoxoa ez den arren, aprobetxatu egin nahi dut aukera. Aspaldian ez naiz herritik asko ibiltzen, baina, jakina, parean tokatuz gero, txikitua umore onian joko dogu. Hala gertatu bitartean, baina, letra hauekin konformatu behar, atrebentzia hau eta gonbidapen hori onartuko dizkidazulakoan.

Ez gara aurrez aurre ezagutzen. ETBko aurkezle eta herrira ekarri zezenketa haiek, hango giro eta negozio haien erreferentziak, ordea, ez zaizkit arrotz egiten. Egiari egia zor, baina, zure izena makina bat aldiz kantatutakoa naizela aitortuko dizut. Gure belaunaldiko askorentzat, garagardoak pixepel gaupasan, «torero valiente» kanta jaixetako kanta oso-oso herrikoia izan zen. Ulertuko duzu, bada, zaborren polemikan orain Bergara garbi eta ekologiko baten defentsan zu -eta beste- hain sutsu ikustean apur bat txokantea egiten zaigula askori. Baina tira, ez da larria.

Herrira sartu naizen bakoitzean zabor-poltsak balkoietatik txintxilika ikusi ditut. Pila bat, egia esan, jende natural eta on askoaren ezinegon baten lekuko. «Arrakasta» bat? Igual. Baina, badakizu, politikan arrakasta gurpil handi bat dela eta haren bueltak ez duela uzten zorion tarte luzeak bizitzen, ezta?

Mesede bat eskatuko dizut. Herrixan alde giroa oxigenatu aldera, letren toxikotasunaz arduratzearen bidetik. Bi adibide: hitz xuabeetan esanda, oso gustu txarrekoa iruditu zait azken zutabean Barcenas -PPko diruzaina- eta Oñatin atez atekoaren aldeko jendearen artean egin duzun analogia. Larriagoa, askoz larriagoa, «Goiena» astekarian irakurri nuen bezala, gure herriko alkatearen hitzetan, «herrixan Francok egin zuen moduan egin behar dela» irakurtzea. Francok egin zuen modua, Bergaran... letra toxikoak dira. Mesedez, Juan Luis, halako kontuak zabaltzen duen bentiladore hori desentxufatu, mesedez.

Ongi esanak ongi gordeko dituzulakoan eta gaizki esanak gordelekurik ez dutela jakitun, agurtzen zaitut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo