GARA > Idatzia > Euskal Herria

Xuban Nafarrateri sinesten diotela argi utzi dute Gasteizko gizarte eragileek

Atzo dozenaka lagun bildu ziren Gasteizko Olagibel kalean Xuban Nafarrateren senideei elkartasuna adierazteko. Ertzaintzaren komisariaren aurrean, hiriko hainbat gizarte eragilek justizia eskatu zuten martxoko greba orokorrean zauritutako gaztearentzat.

p017_f02_199x116.jpg

Ion SALGADO | GASTEIZ

Dozenaka lagun bildu ziren atzo, Olagibel kalean dagoen komisariaren aurrean, Xuban Nafarrateri elkartasuna adierazteko. Bildutakoek argi utzi zuten ez dutela sinesten gazteak martxoaren 29an, greba orokorraren egunean, buruan zituen zauri nabarmenak erorketa baten ondorioa direnik, Ana Jesus Zuluetak epaileak dioen bezala.

Atzo, joan den astean Plazara!-k eta gazte mugimenduko ordezkariek azaldu zuten moduan, Xubanek esandakoa sinesten dutela azpimarratu zuten elkarretaratzean parte hartu zuten hainbat gizarte eragilek. Hain zuzen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek konorterik gabe utzi zuela gaztea sinesten dutela gogorarazi zuten.

Xubanen aitak, Joseba Nafarratek, eskerrak eman zizkien Olagibel kalera hurbildu ziren guztiei. Gazteak eta zaharrak, denak batera Gasteizko hirigunean, indarkeria poliziala salatzeko. Halaber, Nafarratek jakinarazi zuen auzi-errekurtso bat aurkeztu duela epaileak egindako auto judizialaren kontra.

Plazara! mugimenduko kide batek azaldu zuenez, atzoko elkarretaratzearekin euskal sindikatuek eta gizarte eragileek Ertzaintzaren zigorgabetasuna salatu nahi zuten. Komisariaren aurrean bildutakoek Iñigo Cabacasen heriotza ere ekarri zuten gogora, aipatutako zigorgabetasun horren adierazle moduan. Beraien iritziz, gazte basauriarren kasuak agerian uzten du EAEko poliziek erabiltzen dituzten metodoak.

Ezin ahaztu

«Borroka garaia» blogak pasa den larunbatean argitaratu zuen elkarrizketa batean, Xuban Nafarratek berak gogor kritikatu zuen jarritako salaketaren artxibatzea. «Ez genuen itxaropen handiegirik, egia esan, baina beti mintzen zaitu zure inguruan hainbesteko erraztasunez gezurrak esateak», deitoratu zuen.

«Zailtasunez ahaztuko zaizkit Ares jaunak nire eta nire familiaren inguruan esan zituen hitz gogorrak. Barrenean jotzen zaitu, baina aurrera jotzea baino beste irtenbiderik ez zaizu gelditzen. Zoritxarrez, herri honetan ohituak gaude erakunde publikoetatik era honetako bidegabekeriak jasatera», salatu zuen gazteak.

SINdikatuak

Martxoko greba antolatu zuten sindikatuek ere parte hartu zuten atzo Plazara!-k deitutako elkarretaratzean. «Xubanen senideei gure elkartasuna adierazi nahi diegu», nabarmendu zuten ohar batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo