GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Seaska

 

Sarritan entzun dugu frantsesak ez direla hain, ez direla horrenbeste, ez direla lar. Ez dutela espainiar bizilagun trumoitsuen zabarkeria. Savoir faire gisakoa omen daukate. Akordeoiaren soinuarekin egiten dute politika, politika egiten ari direla ohartu gabe, hankak gurutzatuta, buruan sonbreirua beren dotoretasun betierekoa galdu gabe. Nahita ere ezingo lirateke Ebrotik beherakoen purrusta pozoituen estoldetara jaitsi: zapata garestiegiak daramatzate. Eiffel dorrea paratu zuten argien hiriburuan, handik munduaren handitasunari so egiteko, Maria Antonietaren lepo hautsez eta lurrinez betea moztu zuten eta berdintasuna zer den irakatsi zioten munduari. Lepo monarkiko ororen gantzak dardara batean ipini zituzten, demokrazia ekarriko zuten, boterea herriarentzat. Gerora, ordea (gauzak ez dira gaurtik biharrera aldatzen), keinu autoritarioak errepikatuko zituzten han eta hemen, Aljerian, Malin (ai Mali!), Chaden... Haiek filosofiaz konbatitu zituzten Sartrek, Camusek, Henry-Levik eta gainerako pentsalari distiratsuek. Harriak eta makilak, gillotina eta, azkenerako, filosofia: nola ez ditugu ba maitatuko? Askatasunaren garaipen ospakizunetan, ordea, motel ibili ginen euskaldunok. Ez zegoen eguzkirik, geure eguzki-erlojuentzat. Berandu ailegatu ginen, ez genuen palazioa aurkitu. Eta frantsesek askatasuna maite dute, baina berantiarrekin ez dute gupidarik, inor ez da perfektua. Horregatik hasi ziren, ospakizunen zarata amatatu gabe zegoela, euskaldunon herria zapaltzen. Zorioneko izan dira geure lagun jakobinoak, ez dute Franco bezalako etxekalterik ezagutu. Ez dute behar izan. Nahikoak izan dituzte legeak, dekretuak, debekuak eta kateak. Kartzelak, garbi esateko. Frantzia, askatasunaren errepublika dena, guretzat kartzela handi bat baita.