GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jendetza espero dute Abadiñon etzi, saririk izango ez duen San Blas azokan

Tradizioan sustrai sendoak dituen San Blas azokak bisitari kopuruan markak apurtu nahi ditu etzi. Antolatzaileek ahalegin handia egin dute Abadiñokoa baserriko uzta onenaren merkatu izateko, baina ez da BBKren saririk izango.

p019_f03_148x124.jpg

Nerea GOTI |

Abadiñon prest dute dena San Blas azoka handia ospatzeko. Eguraldiak txarrera egingo du asteburuan, baina, hala ere, jendetza espero dute, hitzorduak domekarekin bat egiten baitu aurten, eta erakusketariek zein erosleek hotzari beldurrik ez diotela erakutsi dute orain arte sanblasetan.

Udalak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin du. «Autoz joatekotan, Matienan aparkatzea gomendatzen dugu, eta bertatik azokaraino oinez joatea, 10 minutuko ibilbidea baita», azaldu zuen Jose Luis Navarro alkateak.

Aurten espero ez zen beste berrikuntza bat dakar azokak. BBKren Gizarte Ekintzaren saririk ez da izango ez abereentzat, ezta nekazaritzako saltoki onenentzat ere. «Ulertzen dugu, baina tamalgarria da, abeltzainentzako eta nekazarientzako errekonozimendua direlako sari horiek, eta Udalak ezin ditu kostu guztiak bere gain hartu», azaldu zion udal gobernuko buruak GARAri.

EHNE nekazarien sindikatuaren iritziz, aldiz, «baserritarrentzat saririk garrantzitsuena bezeroek euren produktuak kontsumitu eta erostea da», eta sariak «ez dira erabakigarriak jendea ilusionatzeko». «Nahiago genuke BBK-k baserritar gazteei laguntza emango balie euren proiektuentzat», esan zuten.

Hala ere, «ilusio handiarekin» hartu dute antolakuntzaren ardura. «Iaz baino jende gehiago espero dugu, batez ere kontuan hartuta iaz elurrak ere harrapatu gintuela», adierazi zuen Navarrok. Erakusketarien artean parte hartze handiagoa izan dela nabarmendu zuen.

Urteetan zehar abereen salmentarako puntako plaza izan den San Blas azokan ez dira baserriko animaliak faltako. Udalak emandako datuen arabera, 200 abelburu baino gehiago izango dira ikusgai, eta 78 jarriko dira salgai. Behien atalean, herriko sei abeltzainek arraza ezberdinetako 54 abelburu eramango dituzte azokara. Horiekin batera, zaldiak, astoak, ardiak edota ahuntzak izango dira ikusgai, bertoko arrazak nabarmenduz.

Eskaintza zabala eta giroa

Nekazaritza azokan 72 ekoizlek eman dute izena eta 84 postu beteko dituzte Trinkete aldean. Bertan aurkituko ditu bisitariak barazkiak, fruta, ogia eta euskal opila, gazta, eztia, patea, esnekiak edota txakolin eta sagardoak, besteak beste.

Bestalde, 30 artisauren lanak bilduko ditu azokak, Txanporta kultur etxearen ondoan, Arbaso elkartearen laguntzarekin. Eguneko beste protagonista nagusiak izaten diren erroskillak, eztarriko gaitzak ekiditeko balio ei duten kordelak, San Trokaz, Txanporta eta Zelatabe, Gaztañodi eta Ferialekuaren inguruak kolorez beteko dituzte.

Mintegizainen 10 saltoki izango dira, Tornosolo kalean. Nekazaritzako makineriak atal zabala izango du, eta noski, txosnarik ere ez da faltako. Guztira 7 izango dira, talo usaina zabaltzen.

Azokaren inguruan, hainbat ekitaldi prestatu dute. Txistularien eta trikitilarien kalejirez gain, haurrentzako partidu eta jolasak eta bertso saioa ere badakar egitarauak. Herri kirolak izango dira probalekuan, esku pilota txapelketako finalak eta, eguna biribiltzeko, Lotxo Taldearekin erromeria.

200 abere

Azokek biltzen dituzten ohiko produktuez gain, Abadiñokoak animaliei leku berezia eskaintzen die oraindik. Bertoko abeltzainen parte hartze zuzena du, abereen salmentan tradizio handiko plazaren izaerari zintzo eutsiz.

eta gaur

Abadiñon gaurtik daude ekitaldiak. Besteak beste, Esti Redondoren hitzaldia, emakume baserritarren argazki erakusketa, ardo dastatzea, Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin bertso afaria, bai eta Never Surrender eta The Cherry Boppersen kontzertua ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo