GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | EUSKO MONETAREN ABIATZEA

Tokiko kontsumoa sustatzeko billete koloretsu berriak kalean

Baionatik Maulera, euskararen eta tokiko ekonomia sustatzearen alde ekitera engaiatu diren profesionalak eusko monetarekin trukatzen hasi ziren atzo. Erosleek, berriz, 190 profesionalen aurkibidea eskuetan, ogia, gazta eta bestelako mozkinak eskuragarri izan zituzten moneta berriarekin.

p014_f03.jpg

Ainize BUTRON

Goizeko bederatziak zirela, banketxeen gisako funtzioa hartu berria zuten Baionako Pyrenees eta Le Fandango izeneko ostatuek, eta Maignoneko itzulgunean kokatua dagoen Lafitte baratzegintza saltegiak azken prestakuntzei ekin zien.

Hasi eta berehala hurbildu ziren, euroak eskuan, aurretik erabiltzaile txartela hartua zuten lagunak dirua trukatzera. Hogei edo ehun euroren trukean, bat, bi, hamar edo hogei euskoko diru-paper koloretsuekin abiatu ziren kanpora. Baionako karrikak zeharkatu, eta bezeroek bazuten non aukeratu euskoak egunean bertan xahutzeko: ostatuan kafetxo bat hartu, Pannecau karrikatik merkatu estaliraino bi baguette eta gazta zati bat erosi bazkarirako edota jertsea egiteko beharrezko artilea eskuratu mertzerian. Saltegien berinetan «Hemen, euskoa erabiltzen dugu» esaldia irakurtzearekin, erraz zeukaten bezeroek, beraz, eskuratu berri zituzten euskoak xahutzen hastea; saltzaileek, ostera, aitzineko orduetako martxa ez zuten hain erraza izan.

Hasierako korapiloak

Pyrenees ostatuko Sandrine bezperatik kezkatzen hasia zen. «Ez dakigu oraindik sobera nola egingo dugun halaber zerbitzatzeko, dirua trukatzeko eta kide berrien kartak egiteko», azaldu zuen. Alabaina, abiatu eta berehala lasaitu zen. Mertzerian, berriz, bezeroa erostera hurbildu zitzaiolarik jabeak ez zekien hasieran zein monetetan hitz egin: «A, frankotan..., ez.... eurotan...», esaten aritu zen. Azkenean, eguneko hitz magikoa atera zitzaion arte: euskoa. Nahasmen horren erdian, Le Fandango ostatuko Justin Dubois jabea prest zen animoak pizteko. «Guk dugu promozioa egin behar», esan zuen, eta, horretan eman zuen indarra. Ostatuan sartu bezain laster, bertako bezeroek ez zuten beste gairik aipatzen.

Era berean aritu zen Lafitte saltegiko Juan Miguel Olaizola. Bere hogei langileekin euskoa baliatuko duen saltegi handienetarikoa da. «Ideia gustatu zitzaidan, lekuko produktuak baliatzen ditugu; beraz, erraza zitzaigun martxan jartzea». 126.000 eusko inprimatu ziren atzo, eta horietarik, 2.700 trukatu ziren Pyrenees ostatuan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo