GARA > Idatzia > Mundua

Japoniako lehen ministroak gerraren kontra egiten duen Konstituzioa aldatu nahi du

Japoniako lehen ministroak, Shinzo Abek, Konstituzioa aldatu nahi duela adierazi zuen atzo. II. Mundu Gerra amaitu ostean, AEBek inposatutako testua da hori. Herrialdeak armada izatea eta gerraren batean esku hartzea debekatzen du bederatzigarren artikuluak.

GARA |

Shinzo Abe lehen ministro japoniarrak egungo Konstituzioa aldatu nahi du, gerrari dagokionez dokumentuak agertzen duen aurkakotasunagatik. Aberen asmoa aspaldikoa da. Hauteskunde kanpainan zein ondoren, II. Mundu Gerra bukatu ostean, 1947an, Ameriketako Estatu Batuek Japoniari inposaturiko testua aldatzearen alde egin zuen. 9. artikuluak Japoniak armada izatea eta inongo gerratan esku hartzea debekatzen du.

Legebiltzarrari erantzunez, Konstituzioaren 96. artikulua aldatuko duela esan zuen. Hori izango da Konstituzioa aldatzeko lehen pausoa da. Izan ere, artikulu horrek zuzenketen aurkezpena arautzen du. Zuzenketak egiteko gutxienez bi ganberen bi herenek ados egon behar dute eta. Ondoren, japoniarrek oniritzia eman beharko diete, erreferendum baten bitartez edo Legebiltzarrak aurreikusten dituen bestelako prozeduren bidez.

Tokioko Unibertsitateko ikertzaile talde batek abenduan egin zuen inkestaren arabera, japoniarrak zatituta daude. %50 Konstituzioa aldatzearen aldekoa izango litzateke eta %45, berriz, aurkakoa. Galdeketa jaso zuten 3.000 herritarretatik 1.889 hauteslek erantzun zuten.

2009tik hona, bai alde bai aurka daudenek nabarmen egin dute gora -%41tik %50ra eta %37tik %45ra-. Ikerketaren arduradunek, nabarmendu zutenez datu horiek gizartearen polarizazioa agerian uzten dute.

Testuinguru horretan, aipatzekoa da Gobernuak Defentsarako aurrekontua igo duela hamaika urtetan lehen aldiz; 2013-14 ikasturterako 40 milioi eurokoa izango da.

Aberen Gobernu kontserbadoreak Autodefentsarako Indarrak -armadaren ordezkoak- indartu nahi ditu eta horretarako aditu batzorde bat eratu du segurtasunari dagokionez Japoniak dituen beharrak aztertzeko.

txinarekin gatazka

Japonia eta Txinaren arteko harremanak ez daude onenean Senkaku/Diayou irlen subiranotasuna tarteko. Gauzak horrela, Abek arlo militarra indartu nahi duela esan du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo