GARA > Idatzia > Kultura

Txillarreko elkarrizketak Donostiara ekarriko ditu «Su txikian» ikuskizunak

p043_f01_101x92.jpg

A. ARRUTI | DONOSTIA

Gluglu konpainiak Donostiako Antzoki Zaharrean irudikatuko du, gaurtik igandera bitartean, gure historia hurbileko hamarkada oso bat. 2000. urtean Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek Azkoitiko Txillarre baserrian hasi zituzten ezkutuko bilerak abiapuntu hartuta eta Aieteko Konferentziaraino, «Su txikian-A fuego lento» antzezlanak urte horietan izandako gertakari garrantzitsuenak biltzen ditu ordu eta erdian. Galder Perez bilbotarrak zuzendu du lana eta aktore lanetan izango dira Gabriel Ocina (Arnaldo Otegi), Joxemari Carrere (Jesus Egiguren), Patxi Gonzalez (Pello Rubio, Txillarre baserrikoa), Mañu Elizondo (Josu Urrutikoetxea), Martxelo Rubio (Josu Jon Imaz)...

Orain arte berrogei emanaldi inguru eskaini dituzte Euskal Herri osoan zehar, baina Perezek azaldu zuenez, Donostia izango da bisitatuko duten lehenengo hiriburua. 20.00etan izango dira hiru emanaldiak, gaur eta bihar euskaraz eta, igandean, gazteleraz.

Perezen esanetan, «antzerki-dokumentala» gauza ezohikoa da, «dibulgatiboa izatea nahi genuke» eta «harrigarria da adibidez gazteen harrera ona, elkarrizketa hauek hasi zirenean agian hamar urte inguru zituztenena».

«Su txikian» oraingoz Euskal Herrian bakarrik taularatu da, nahiz eta, Perezen ustez, oso interesgarria litzatekeen hemendik kanpora zabaltzea ere. «Gure gatazka azaleratzeko batetik eta bestetik edozein gatazka gainditzeko adibide izan daitekeelako, jendeak ikus dezan elkarrizketak, bitartekariak... nola biltzen diren eta eztabaidatzen duten», azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo