Aizkora | Urrezko lehiaketa
Azpeitirako bidean lehen pausoa eman beharko da Leitzan
Azurmendik eta Rekondok Nazabalen eta Zubiagaren aurka jokatuko dute finalerdietako joaneko neurketa, bihar Amazabal pilotalekuan.
Jon LEUNDA
Urrezko Aizkorako joaneko bigarren kanporaketa jokatuko da bihar 12.00etan Leitzako Amazabal pilotalekuan. Bertan, Azurmendi eta Rekondo Nazabalen eta Zubiagaren aurka lehiatuko dira. Aurten bi jardunaldira dira finalerdiak, eta biak irabazi behar dira, bestela denborak hartuko dira kontuan.
Azkenean, Azurmendi izango da Rekondorekin lehian arituko dena. Erasun zen hasieran leitzarrarekin, lehen proba ere berak jokatu zuen, baina orduan min hartu zuen eta ezin izan du gehiago jokatu. Azurmendik ordezkatu zuen, eta Arriarangoak jarraituko du.
Nazabal eta Zubiaga dira bihar garaipena lortzeko faboritoak. Lehen faseko proba guztiak irabazita datoz, eta Otaegirekin eta Otañorekin batera txapela lortzeko faboritotzat jotzen dituzte zaleek.
Floren Nazabal zein den esan beharrik ez dago eta Zubiaga bera ere Lehen Mailan ibilitakoa da. Etxarrikoaren babesean lan handia egiten du. Hala eta guztiz ere, kontuz ibili beharko dute Rekondorekin eta Azurmendirekin. Leitzarrari nerbioek kalterik egiten ez baldin badiote, lan handia egingo du, eta Iñaki Azurmendik bera ere oso bolada onean dagoela erakutsi du.
Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta gehienetan gertatzen den bezalaxe, zaila izango da iraupen proba baino lehen ezer erabakitzea.
Zilarrezkoan, gaur, 12.30ean Legutioko pilotalekuan, jokatuko da kanporaketa bat. Rodriguez I.a eta Rodriguez II.a Naredoren eta Garciaren aurka neurtuko dira. Lau aizkolarietatik Garcia bakarrik da Euskal Herrikoa. Lehen biak Segoviakoak dira, eta bestea, Asturiaskoa. Etxarrin, berriz, 19.00etan hasita bi kanporaketa jokatuko dira. Batean Erdozia eta Beltza Telletxearen eta Alkizalete II.aren aurka neurtuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Urteagak eta Resanok Vicente I.aren eta Vicente II.aren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Aurten finalerdietan bi saio jokatu beharko dira, eta ahal bada biak irabazi behar dira finalean izateko. Bakoitzak bat irabaziz gero, bietako denborak hartuko dira kontuan.
Zilarrezko mailan hiru kanporaketa jokatuko dira gaur. Eguerdian bat jokatuko da Legutioko kiroldegian, eta arratsaldean beste bi norgehiagoka izango dira Etxarriko pilotalekuan