Floren Aoiz | www.elomendia.com
Labanak zorrotz espainiar eliteetan
Ustelkeria masiborako baldintzen erorketa ez da gaitz bakarra. Estatu espainiarra negozio txarra da gero eta jende, sektore eta eragile gehiagorendako. Giro honetan, erasoak oso bortitzak izan daitezke
Ohikoa da ustelkeria garatu gabeko herriekin lotzea. Mendebaldar harrokeriaren arabera, hemen ez dago halakorik. Eskupekoak (mordidak), estatuan uztartutako sare mafiosoak, sagar ustelak... Afrikan, Asian edo Rio Bravo-Grandetik behera gertatzen dira.
Krisialdiaren leherketak bestelako errealitate baten aitzin jarri du jende asko orain. Ustelkeria eta kapitalismoa lotuta daude, gauza bera direla ez esatearren.
Areago, atzeman dugu ustelkeria, jendartearen egitura sozioekonomikoen justizia eta zintzotasun ezarekin ez ezik, antolamendu politikoaren arazoekin ere loturik dagoela. Demokrazia burges gisa ezagutzen den eredu horrek bertsio ezberdinak ditu; denak aski ustelak, baina horietako batzuk besteak baino ustelagoak. Honek badu zerikusirik politika mailako instituzionalizazio prozesuekin. Espainiar trantsizioak ustelkeria sendotu, errotu eta garbitu zuen. Frankismoaren ustelkeriaren (eta frankismoaren beraren) zuritze erraldoia izan zen eta, gainera, maila guztietako ustelkeria instituzionalizatu zuen, itxura demokratiko europar homologagarriak eskainiz. Orain agerian dugu noraino iritsi den orduan saritutako zizarea, sagarra bera baino handiago eta indartsuago azaltzen zaigularik.
Pentsa daiteke, berriz, ustelkeriaren infekzio orokorra fenomeno berria dela, azken urteotakoa edo. Bai to! Oraingoa aspaldiko arazoaren leherketa publikoa da. Orain ikusten ari garena ezkutatu digutenaren partea besterik ez da. Galdera nagusia, ene ustetan, hauxe da: zergatik agertu da orain arte ezkutatutakoa?
Ustelkeria sakon eta zabala izan da aspalditik, aipatu bezala, baina orain infekzio orokor gisa agertzen da, gorputza bera arriskuan jarri duelako. Zizare gehiegi sagar ahul eta gusturik gabekoarendako. Eta gauzak horrela, hasia da, indar oroz hasi ere, zizareen arteko lehia. Bortitza da: akabo zizareen korporatibismoa. Zizare jarraitu nahi duen zizareak, gaur egun, beste zizareak jan edo sagarretik kanporatu behar ditu. Ez dago besterik: sagarrak jada ez du denendako ematen.
Ene ustetan, hau da atzematen ditugun labankaden arrazoia. Sistemak berrikuntza behar du, agortuta dagoelako, baina denek ez dute berdin ikusten, ez daude ados diagnostikoan, are gutxiago berrikuntzarako formulan, eta batez ere eliteen barne elkartasuna hautsi da. Iraganera pasatu da, konpromiso berrietara iritsi arte, bederen, leialtasuna.
Krisialdia esparru askotara iritsi den heinean, estatuaren etorkizuna kolokan egon daitekeela atzematen da. Zatiketa arriskua nabarmena da, atxikimendu mailak gainbehera erortzen direlarik. Ustelkeria masiborako baldintzen erorketa ez da gaitz bakarra. Estatu espainiarra negozio txarra da gero eta jende, sektore eta eragile gehiagorendako. Giro honetan, erasoak oso bortitzak izan daitezke. Eta kasu! ohikoa baita eliteen artekoen labankadez gain, sistemak etsai hartzen dituenak kolpatzea. Halaxe erakutsi digu iraganak, argiki.
Estatua ahul dago maila gehienetan, baina tresneria errepresiboa indarrean dauka, eta etsaiak behar ditu. Edozein aldaketa estrategiak hau guzia hartu behar du aintzat, badaezpada!