GARA > Idatzia > Euskal Herria

IAk tresna gisa eskainiko du Euskal Eskola Nazionalaren aldeko estrategia

Iragan abenduan Atarrabian egindako kongresuaren ondotik, Ikasle Abertzaleek Euskal Herriko zein atzerriko mugimenduekin partekatu nahi du osatutako txostena. Harreman bira hasi du horretarako.

p017_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Ikasle euskaldun, ezkertiar eta feministen antolakundeak uda arteko harreman birari ekin dio, abenduaren 15ean egindako seigarren kongresuan zehaztutako helburu eta lan ildoak bertze eragileekin partekatzeko. Ikasle eta hezkuntza eragileekin lehendabizi, eta gainerako subjektu politikoekin gero, landuko dute Euskal Eskola Nazionalaren aldeko estrategia. Nabarmendu dutenez, borroka tresna gisa eskainiko dute Atarrabiako kongresuan zehaztutako estrategia hori.

«Ez da IAko kideok soilik borrokatu beharreko proiektu bat; Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat diseinatutako bide bat da eta horregatik ekin diogu partekatzeari», azaldu dute. Hagitz garrantzitsutzat jotzen dute ikasle mugimenduko eragileekin harremanak sendotu eta borroka bateratuak abiatzea. Ikasle eragileekin, adibidez, kontaktuak hasi dituzte «elkarlanean inposizioen aurkako ikasle harresi sendo bat osatzeko» xedearekin.

Hezkuntza eragileei dagokienez, Madrilek ezarri nahi duen LOMCE erreforma berriaren aitzinean, erantzunak artikulatu eta alternatibak eraikitzeko ahaleginean dihardute. Hezkuntza komunitatea osatzen duten eremu ezberdinetako eragile guztiekin biltzeko asmoa dute. Halere, harremanak ez dituzte komunitate honetara mugatuko: ikasle estrategia Euskal Herriari egiten dioten eskaintza izanik, herri mugimendu, sindikatu eta alderdi politikoekin ere «kontraste lana» eginen dute.

Gure mugetatik harago ere iritsiko dira. Alemania, Italia eta Portugalen jarria dute begia, hango ikasle mugimenduekin harremanak hasteko. «Euskal Herriaren eraikuntza oztopatzen duten proiektu inposatzaileei nazioarteko eragile ezberdinekin elkarlanean aurre egiteko hautua berresten dugu», diote.

Urriaren 11n sortutako #11x12 dinamikan bat egin zuten nazio zapalduetako ikasle antolakundeekin, eta Wert ministroaren erreformaren aurka lanean jarraitzea lehentasuntzat dute.

Kongresuaren ondorioak

«Euskal Herriko ikasleok ikasle gisa eta euskal herritar gisa kolektibo bat osatzen dugu, problematika komun bat bizi eta klase, genero zein nazio zapalkuntza pairatzen dugulako». Diagnostiko hori egin ondotik, helburu eta lan ildo batzuk adostu zituzten abenduan Atarrabian egindako kongresuan. Ikasle Abertzaleak antolakundearen zeregina ikasleen eskubideak errespetatzearen alde egitea eta ikasleen hitza eta erabakiak artikulatzen lan egitea direla agertu zuten eta Euskal Eskola Nazionala lortzeko, ezinbestekotzat jo zuten eskola horren balio, ezaugarri eta praktikak biltzea.

Gaurko hezkuntza eta jendarte eredua ere aintzat hartzen ditu IAk, teorian galdu gabe praktikarekin errealitatea aldatzeko. Euskal Eskola Nazionala honela definitzen du: «Euskalduna, ezkertiar iraultzailea eta feminista». Eta bide horretan praktika errealak martxan jarri eta erasoei aurre egiten die. Ikasleria subjektu iraultzaile bilakatu nahi dute, «Euskal Herriaren askapen eta eraikuntzan aktibo» izan.

nolako eskola

Herritar euskaldun, aske, kritiko eta burujabeak heziko dituen eskola du helburu IAk. Euskalduna, «hizkuntzaz zein edukiz». Justizia soziala bermatuko duena, eraldaketarako tresna izanen dena, bazterketa guztiak arbuiatu eta balio feministak landuko dituena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo