GARA > Idatzia > Kultura

Iñake irastorza | aktorea eta «emaztegaiaren semea» obrako protagonista

«Emakumeok, behin adin batetik aurrera, muga asko ditugu ofizio honetan»

Orion jaio zen 1955ean eta irakasle lanetan hasi bazen ere, gazte-gaztetatik taula gainean nahiz kamera aurrean dabil lanean. Telebistan «Wazemank», «Brinkola» eta «Kontuz atsuak!» umore saioetan ikusi izan dugu azken boladan, baina oso bestelako paperean ari da orain, Ados Teatroarekin «Emaztegaiaren semea» antzezlanean.

p046_f01_194x124.jpg

Ane ARRUTI | TOLOSA

Fernando Castets eta Juan J. Campanellaren «El hijo de la novia» filmean oinarritutako «Emaztegaiaren semea» estreinatu zuen atzo Tolosako Leidor antzokian Ados Teatroak. Garbi Losadak zuzenduta, Iñake Irastorzarekin batera, Sara Cozar, Asier Hormaza, Kandido Uranga eta Mikel Laskurain dira emozioz beteriko obra honetako protagonistak. Pelikulan Norma Leandrok antzezten duen emakumea hezurmamitzen du Irastorzak. Alzheimerrak jota zahar-etxe batean dago eta bikotekideak ezkontzeko eskatuko dio, bera gehiegi ohartzen ez bada ere.

Tolosako estreinaldiaren ondoren, bihar Hondarribiko Itsas Etxean izango dira 19.30etik aurrera eta otsailerako hitzordu mordoxka dituzte: Hernani (hilak 12), Elgoibar (15), Barakaldo (22) eta Galdakao (23).

Pelikula baten egokitzapena da. Nola egin da moldaketa?

Oso fidela da, baina ez da pelikula bezalakoa. Antzerkian, espazioa bera da lehenengo muga. Familiak daukan jatetxean gertatzen da dena eta pertsonaiak ere mugatzen dira. Batzuk desagertu dira, hitz egiten da euretaz baina telefonoz... Uste dut oso moldaketa fina dela, oso ondo egina, ez da erraza, baina garrantzia duen guztia oso ondo gorde da. Jarraitzen du bikaina izaten. Istorio xume bat da eta xumetasun horretan dauka bere handitasuna. Edonori gerta dakiokeen istorio bat kontatzen da, baina ederra eta handia da, oso ondo kontatuta dagoelako.

Nola landu duzu pertsonaia, pelikula ikusiz?

Ez, ikusita neukan bere garaian, eta geroago beste pare bat aldiz. Aurrenengo aldiz esan zidatenean, alde batetik, izugarrizko poza eman zidan ni gogoan hartzeak Ados konpainiak, baina aldi berean tximeletak sentitzen dituzu barruan, zirrara bat egiten dizu, hobeto ezin litekeelako kontatu. Pelikulan dena zegoen oso ondo, aktoreak, zuzendaritza, istorioa... Hori ezin da hobetu. Nire papera egiten duen emakumea, Norma Leandro, asko miresten dudan aktore bat da. Hori nola gainditu? Ez dago gainditzerik. Baina erronka horrek berak eman zidan izugarrizko gogoa eta indarra lan hau egiteko. Imitatzea alferrikako lan bat da; ezin da hori egin, ez du merezi. Nik banekien beste pertsonaia bat egin behar nuela eta egingo nuela. Norma Leandro bera da eta Iñake Irastorza ni. Nire pertsonaiarako materiala nire gorputzean, adimenean, ahotsean dago eta hortik abiatu behar dut. Uste dut sinesgarria dela, gustura nago egindako lanarekin, beti hobetu litekeen arren.

Azkenaldian, Marikarmenekin, beste muturrean dagoen pertsonaiarekin zabiltza lanean.

Oso beste muturrean dago, bai. Parodia batetik abiatzen gara eta ez dauka zerikusirik. Hemen ur handiak dira, beste analisi sakonago bat dago eta aktore batentzat beste erronka bat da. Pertsonaia bakoitzak dauka lana, egin egin behar dira denak. Zein da zailagoa? Askotan esan izan da, ez dagoela pertsonaia txikirik, eta hori ere egia da. Baina aldi berean, niri asko gustatu zait aldatzea batetik bestera, eta momentu honetan Marikarmenetik gertu dagoen beste pertsonaia bat landu beharko banu, egingo nuke, baina nahiago nuen oso urrun zegoen batekin lan egin. Horrela suertatu da.

Marikarmen atso bat da; antzezlan honetan, berriz, amonaren papera egokitu zaizu. Ez dut uste zure adinarekin bat datozenik. Ez dago adineko aktorerik? Hala tokatu da?

Amona izateko adina badaukat... Ez dakit zer gertatzen den. Gauza askotarako, ni baino adin gehiago duten pertsonaiak etortzen zaizkit. Lanari ezetz esateko moduan ere ez gaude, daukadan adinarekin. Emakumeok muga asko ditugu ofizio honetan. Behin 30 urtetik aurrera, 40tik jar dezagun, paper nagusiak oso mugatuak daude, askoz ere protagonista paper gutxiago dago emakumeentzat. Zer egingo diogu? Egunen batean aldatuko ahal da!

Urte mordoa daramazu antzerkiaren munduan. Aipatzen da orain jende gutxiago joaten dela antzokietara. Nola ikusten duzu egoera?

Ez dakit jende gutxiago joaten ote den... Badago jendea esaten duena gehiago joaten dela. Ez daukat argumentu zehatzik. Badakidana da gutxiago programatzen dela, seguruenik diru gutxiago dagoelako eta gero eta gutxiago. Kultura arloan beti egon da dirua tamainan, batzuetan egia da eta besteetan oso aitzakia ona da murrizketak egiteko. Nork botako du faltan antzerki gutxiago izatea? Futbolarekin ez da berdina gertatzen, krisia egon ala ez, partida berberak daude. Baina antzoki asko daude hiru urte hauetan programatzen ez dutenak. Herri batean ez bada programatzen jende hori segur aski gutxiago joango da eta ohitura galtzen joango da. Gero ezingo dituzu berreskuratu, zaila izango da. Baina programatzen den lekuetan ez dakit gutxiago joaten ote den. Jendeak praktikan ere diru gutxiago izango du.

Programatzaileei tira beharko diegu orduan belarritik?

Baita kultura arloan lanean ari direnei, kontuz ibil daitezela. Denok ibili behar dugu kontuz, baina kulturari bizkar ematen dion herri baten etorkizuna, oso beltza ikusten dut. Ez dadila hori gertatu. Ez alderdi politiko bati, denei esango nieke. Garestia izango da, baina kultura gutxiko herri bat askoz ere garestiagoa da. Denok eduki behar dugu kontua, ni ere batzuetan ikuslea naiz eta bestetan langilea. Kontua izan behar da hor ere lanpostuak daudelako. Oso gutxitan hartzen da hori kontuan. Lanpostuak ez daude bakarrik fabriketan, kulturan ere bai.


 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo