GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

nekazaritza bizitoki eta lantoki

Baserrira buelta, krisitik ihesi bizimodu bat eraikiaz

Ohiko egitureratik at, enpresan oinarritutako sistematik haratago, badago nekazaritzaren aldeko apustua egiten duenik. Arruazun, Berastegin eta Berrizen daude hiru adibide, lan munduak ematen zienak asetasunik eta egonkortasunik eskaintzen ez ziela-eta, baserrira itzuli eta bizimodu bat eraiki dutenak.

p004_f01.jpg

Iraia OIARZABAL

Baserrian eta baserritik bizitzea. Horixe da Aritz Ganboak, Arantxa Garaiburuk eta Igor Mendiolagaraik egindako hautua. Erabaki ausarta hartu zuten, baserriko lanak eskatzen duen esfortzuagatik batetik eta, bestetik, gaur egungo egitura sozioekonomikoan tokirik ez duen aukera gisa ikusten delako zenbaitetan. Hala ere, esaerak dioen bezala, «gustuko tokian, aldaparik ez», eta, nork bere martxan, hirurek lortu dute euren proiektua aurrera ateratzea. Are gehiago, «bizimodu bat» eraiki duten ziurtasuna dute.

Protagonista bakoitzak du bere istorioa, baina oinarri bera dute. Ez zuten lantegi batean lan egin nahi, ezta negozio izugarririk bilatzen ere, lurra landuz bizi eta emaitza gizarteratzea baizik. Bide horretan, familiako ohiturari eutsiz, gazta egiteari ekin zioten Ganboak eta Garaiburuk. Mendiolagaraik aldiz, gurasoen baserrian lantzen duen ortuko barazki eta frutak saltzen ditu.

Hirurek dute atzean baserriari lotutako familia, eta egitura horri eutsiz abiatu dute euren egitasmoa. Izan ere, nekazari gazteei lanean hasteko diru-laguntzak badauden arren, hutsetik hasteko egin beharreko inbertsioa handia da. Horregatik, abantaila handia da azpiegitura minimo bat edukitzea abenturan aurrera egin ahal izateko. Hortik aurrera, «zergatik ez hartu serioski eta gure bizimodu bihurtu?», galdegin du Ganboak.

Herrian bizitzetik, herriaz bizitzera

Duela bost urte hasi zen Ganboa arruazuarra artzaintzaren arloan lan egiteko aukerari bueltak ematen. 29 urte zituen orduan eta Aitor Kanpion (25 urte) lehengusuarekin batera «kapritxorako» 30 bat ardi zituen. Lan munduan hasi berriak ziren, aurretik lanposturen bat edo beste izan zuten, baina finkotasunik gabe. «Arruazu bezalako herri txiki batean bizi zaitezke fabrika batean lan eginez, baina guk beste zerbait bilatzen genuen», aitortu du Ganboak. Beraz, afizioa ofizio bihurtzea erabaki zuten.

Gaur egun, 300 ardi dituzte Aralarko larreetan eta Albi gaztandegiaren jabe dira. Horretaz gain, ibilbideak eta erakustaldiak egiten dituzte gaztandegian eta inguruko mendateetan. «Hasieran gauza hauek beti dirudite ezinezkoak eta arraroak, baina hasi ahala jendea ezagutzen duzu eta gomendioak jasotzen dituzu; eta momentu batean erabakitzen duzu aurrera egitea besterik ez dagoela, beti dudetan ezin dela ibili eta apustua egin behar dela», azaldu du.

Lehenengo urratsetan Arantzazuko artzain eskolarekin, EHNE sindikatuarekin eta Sakanan lehen sektorean lan egiten duen jendearekin jarri ziren harremanetan proiektua diseinatzeko. Argi zeukaten ez zutela soldata soil bat edo aberasteko bide bat bilatzen, «bizimodu bat» baizik. Ganboaren ustez, lanbide bat izatetik haratago, filosofia bati jarraitu behar dio nekazaritzak. Bere proiektuak irizpide jakin batzuei jarraitzen diela baieztatzen du. Hain zuzen ere, herrian bizitzea eta inguruneari lotuta egotea.

Lehen sektorean muturreko bi errealitate existitzen direla ohartarazi du: eredu industriala batetik eta artzaintza bestetik. «Batak aberasteko aukera ematen dizu eta besteak bagenekien ez zigula sekula aukera hori emango. Baina bai bizitzekoa», baieztatu du. Hortaz, Aralarko larreetan hezten dituzten 300 ardi buruekin, Idiazabal sor-markako gazta ekoizten dute eta salmenta zuzenaren bitartez komertzializatzen dute Iruñeko hiru salmenta puntutan.

Ekoizpen eta salmenta eredu jasangarrian sinesten dute. Horregatik, abeltzaintza estentsiboa egiten dute; hau da, ingurunearen kudeaketan eragiten duena. Bestalde, Artzai Gazta elkarteko kide dira, gaztaren produkzioa artzaintzan eta artisautzan oinarritzen dela bermatu nahian. Hortaz, ezin dituzte produkzio handiak egin (13.000 kilo gehienez) eta euren ardien esnearekin egina izan behar du. Nahiago dute enpresa txiki eta jasangarri bat, industria handi bat baino. Izan ere, «1.000 ardi izan daiteke, enpresa bat lanpostu asko eta kaskarrekin, edo izan daitezke 100 ardiko hamar esplotazio txiki».

Ildo horretan, «merkataritza gardena» hedatzen ari dela uste du Ganboak. Jendeak erosten dituen elikagaien jatorriagatik arduratuago sumatzen du, eta horregatik uste du salmenta zuzena bultzatu behar dela. «Fase bat pasatu dugu kontsumo arduragabeari begira eta orain kontsumo arduratsuaren irizpideak txertatzen ari dira; hain zuzen, elikadura arduragabe baten ondorioz sortu izan diren egoerengatik», ohartarazi du.

Oinarri xumearekin ekin zioten bideari bi gazte sakandar hauek, baina lanak ematen duen esperientziarekin ikasten ari dira eta, aldapak aldapa, ez dira hartutako erabakiaz damu.

Lan finkoa utzita, aldaketa bila

Aurrekoak lan munduan hasi berriak baziren, kontrako ibilbidea egin zuen Arantxa Garaiburu 41 urteko berastegiarrak. Erizain ikasketak egin zituen eta lanpostua zeukan Osakidetzan. Ospitaleko lana Gipuzkoako Diputazioan adinekoen zaintza arloan zeukan lanpostuarekin uztartzen zuen, duela zazpi urte panorama erabat aldatu zitzaion arte. Ardiak eta gaztandegia zituen osaba gaixotu zitzaion eta bere senarra hasi zen eguneroko lanean laguntzen, azkenean ardura guztia bere gain hartu arte. Ardiak zaindu eta gazta egiteko, ordea, bi lagun behar zirela ikusi zuten. Beraz, Garaiburuk Osakidetzako lana utzi zuen. Hasieran Aldundiko lana mantendu zuen, baina urte baten buruan lan hori ere utzi zuen eta buru- belarri hasi zen gaztandegian.

«Aldaketa bat behar nuen», aitortu du erabakiaren zergatiaz galdetzean. Urteen poderioz, erizain lana gogorra egin zitzaion eta ez zegoen erabat gustura. Horregatik, etxean bertan zeukan aukerari heldu zion. «Oso ondo etorri zait aldaketa hau. Ez dut aurrekoa faltan botatzen eta, oraintxe, ez nintzateke bueltatuko. Egungo egoera ikusita uste dut aukera ona egin nuela», dio.

Orain daraman bizimoduak ez du zerikusirik aurrekoarekin. Ospitaleko uniformea 350 ardi eta gaztandegiko amantalagatik aldatu du. Senarra ardien zaintzaz arduratzen da eta berak «esnetik aurrerako lana» egiten du; gaztaren ekoizpena eta salmenta alegia. Larunbatero, Tolosako ferian dauka zita eta, gainontzean, gaztaren inguruan egiten diren azoka berezietara joaten da. Horretaz gain, zenbait harategitan ere saltzen du gazta, beti ere salmenta zuzenean oinarrituta.

Bereziki eskertzen duen zerbait da lanbide honek jendearekiko eskaintzen dion hartu- emana. «Nire gazta gustuko dutela esaten badidate, horrekin pozik nago. Lan onek jendearen onespena ematen dit», azaldu du.

Dena den, aitortzen du dena ez dela urre kolorekoa. Astelehenetik igandera lan egitea eskatzen duen ogibidea da eta oporrak hartzeko aukera gutxi ematen du. Gainera, hilabete bukaeran ez dauka soldata finkorik. Horri gehitu behar zaizkio, krisiaren ondorioz pairatzen dituen arazoak. «Erosle batzuek produktua garestia dela diote; etor daitezela nirekin niri zenbat kostatzen zaidan ikustera. Pentsuen prezioa etengabe igotzen digute, BEZa ere gora doa... dena gora doa», salatu du.

Egoera horren aurrean, sektoreak bi aurpegi dituela uste du. Alde batetik, nekazaritzatik bizitzea posible dela uste du. Ostera, oinarrizko azpiegitura bat izan ezean, zaila iruditzen zaio sektorean ezartzea. «Beharrezkoa da gazteak sartzea, baina ez dakit zer esan, zaila ikusten dut», onartu du etsita.

Zorte itzela eta, aldi berean, ardura

Hamabost urte lanpostutik lanpostura, industriatik ostalaritzara, igaro ostean, gurasoen baserrira itzultzea erabaki zuen Igor Mendioalagaraik 2009an, 36 urte zituela. Betidanik izan du lotura nekazaritzarekin, boladaren bat edo beste kenduta gurasoen baserrian bizi izan baita. Lanpostu egonkokorrik ez zuenez, baratze ekologikoari buruzko ikastaro batean eman zuen izena EHNEren bitartez eta nekazaritzara behin betiko jauzia eman zuen.

Ordutik, Nekasare elkartearen bitartez hasieran eta bizilagunekin elkarlanean orain, Kastorrena baserriko baratzean lantzen dituen barazki eta fruituak saltzen ditu. Bilboko Zazpi Kaleetan hasi zen astero saskiak banatzen, baina esperientziak erakutsi zion lurrak ahal duena ematen duela eta talde txikiagoekin lan egitea erabaki zuen.

Baserrira bueltatzeak lanpostu bat eskaini dio, baina baita «bizitzeko era bat». Bereziki zorionekotzat du bere burua, bera hasi aurretik gurasoek lan handia zutelako egina. Aldi berean, ardura handiagoa sumatzen du bere gain, baserriari eutsi nahi baitio.

Hirurek uste dute, nolabait, krisiak eragin duela baserrira itzultzeko joera. Mendiolagarairen kasuan, ez da bera bakarrik bueltatu. Bost anai-arrebetatik hiru dira arrazoi ezberdinak direla medio gurasoen etxera itzuli direnak. Ganboaren ustez, jada existitzen zen bizimodu baterako itzulera da. «Krisiarekin aldaketa hori areagotu egin da, baina ez da ezer berria. Orain, berrasmatu behar ditugu gauza pila bat bide honetan suntsitu egin ditugulako», bukatu du.

laguntza gutxi

Nekazaritzan hasi nahi duten gazteentzako diru laguntzak badauden arren, aurretik «koltxoi» bat izan ezean zaila gertatzen da, egin beharreko inbertsioa handia delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo