GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Alarma eragiten duen jokaera ankerra

Bitainia Handiko epaitegi batek Antton Troitiño donostiarra Espainiaratzea onartu zuen atzo, eta haren defentsak helegitea aurkeztuko duen arren, preso atxikiko dute hura ebatzi artean. Ontzat eman ditu, beraz, Westminsterreko epaitegiak Estatu espainolaren argudioak, ontzat eman du Espainiaratu ondoren Troitiñori 197/2006 doktrina, «Parot» delakoa, ezartzea, doktrina horrek, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak esan duenez, giza eskubideak urratzen dituen arren. Hasieran Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpen horrek zalantzak eragin zituen Fiskaltza britaniarrean, baina Estatu espainolari kontsultatu ondoren, haren alde egin zuen, haren jarrera ankerra bere eginda. Ankerkeria nabarmena baita lagun bat 24 kartzela urte bete ondoren aske utzi dutenek horrela jazartzea, gutxienez beste lau urte bete ditzan. Eta epaileak ere, Estrasburgoko ebazpenari muzin eginda, bat egin du Fiskaltzarekin eta Estatu espainolarekin, estradizio eskaerak ez dituela donostiarraren eskubideak urratzen argudiatuta, eta ankerkeria horretan parte hartuz eta herri honen itxaropenak eta ahaleginak zangotrabatuz.

Estatu espainolak argudiatu zuenez, berak askatu zuen laguna kalean izateak gizarte alarma eragiten du; alabaina, herri honetan Estatu horren eta Westminsterreko epaitegiaren jokaerak eragiten du benetako alarma.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo