GARA > Idatzia > Euskal Herria

Odol Emaileen Taldeak piztu du Idiazabalgo San Blas jaien txinparta

Odola ematea zein garrantzitsua den gauza jakina da, eta horretan lan erabat boluntarioan eta gogo biziz ari diren Idiazabalgo taldeko kideei eskerrak eta animoak eman nahi izan dizkie Udalak omenaldi xume batekin. Emaileek ez dute aukera pasatzen utzi eta dagoen premia handiari erantzuteko besoa luzatzeko prest dagoen lagun gehiago erakartzeko baliatu dute San Blas festetako pregoia.
p019_f02.jpg

GARA |

Gaur Kandelario eguna, bihar San Blas eta etzi San Blas Txiki. Izaldarrek kolorez eta musikaz margotu dute hilabete estreinatu berria. Axaria menditik jaistea festaren seinalea izaten da Goierriko herri honetan eta hala dabiltza atzotik, kirol, dantza eta jolas.

Azeria udaletxetik kioskora jaistearekin batera, Odol Emaileen Taldean 41 urtetan ordezkari izandako Jesus Azurmendik pregoia irakurri zuen. «Odola ematea biziaren zati bat ondokoari edo beharrean denari ematea da», adierazi zion GARAri. «Sendagile eta jakintsu asko ezagutzen dugu; oraindik odolaren ordezkorik aurkitu duenik ez, ordea. Beharrezkoa dugu eta lortzeko jendea konbentzitzea eta era horretan lan egitea izan da gure helburu nagusia». Udala eta herriko elkarteak lagun dituzte.

Kontatu zigunez, giro jatorra sortu behar da jendeak odola ematerakoan, ogitartekoa eta ardo tragoxka bat eskainiz, hurrengoan berriro prest egon dadin besoa luzatzeko. Lagun anitz dabil talde honetan lanean eta urtean bi aldiz odola ateratzetik hiru aldiz egitera pasatu dira. Aldiro 70 pertsona inguru animatzen dira. «Niri jada emateko adina pasatu zait eta hemendik aurrera odola atera ez, hau egitea zein garrantzitsua den azalduz egingo dut lan». Hilabete honetan bertan dute urteko lehen odol-ateratzea; hurrengoa, ekainean eta, azkena, urrian. 170-200 emaile izanen dira 2.300 biztanleko herrian. Kopuru handia da.

«Jendea kontzientzia hartzen joaten den neurrian konturatzen da gauza ona dela egiten duena, eta edozeini laguntzeko balio duela, nor den jakin gabe». Pozarren hartu zuten taldekideek festetako pregoia irakurtzeko aukera. «Festa egitea ondo dago, baina arazoen kontzientzia hartzea eta beharrei erantzuten laguntzea ere premiazkoa da», nabarmendu zuen Azurmendik.

Herri kirolak eta goitibeherak

Gaur herri kirolen erakustaldia, Goitibehera Txapelketa eta profesionalen pilota partidak izango dira. 17.30ean hasita, Bengoetxea VI.a eta Beroiz Ezkurdia eta Zubietaren aurka arituko dira Igarondo pilotalekuan, eta Apezetxea eta Larrinagak Rico IV. eta Untoriarekin neurtuko dituzte indarrak.

Udaleko Kultura sailekoek azaldu zigutenez, musikaren ordua aurreratu dute, gauez jende gutxi ibiltzen delako. Gaur, adibidez, 19.30ean hasiko da erromeria plazan, Laketekin. Bihar, San Blas egunean, zinegotziek eta ordezkari politikoek dantzatuko duten sokadantza da berritasunetako bat. Dantza hau 1955. edo 1956. urtera arte egin zuten Udaleko kideek eta orain berreskuratu egin dute. Udaletxetik aterako dira ondoan dagoen futbito zelaira. Eguerdian, ekintza ikusgarrienetako bat izango da, 800 lagunentzako paella erraldoia prestatuko baitu Arretxe Elkarteak. Herriko Txirrindularien proba ere jokatuko dute ordu berean.

Aipagarria da etziko bertso bazkaria ere, Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldiarekin. Sarrerak salgai dira Pilar Enean.

HERRI KIROLAK

Gaur 12.30ean hasita, herriko plazan Xabier Zaldua eta Xabier Dorronsoro arituko dira aizkoran Jose Ugarteburu eta Aitor Urteagaren kontra. Harria jasotzen, aldiz, Xabier Aranburuk egingo du erakustaldia.

san blas txiki

Etzi San Blas Txiki eguna izango denez, puzgarriak jarriko dituzte Zelaako kiroldegian 15.00etatik 19.00etara, haurren gozagarri. Gero, klasiko bat, Joselu Anayak plazan, eta 20.00ean «axaria» igoko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo