GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Amodioa eta erantzukizuna (eta II)

Gizonak gogorarazten dio ezin duela bere burua biktimarenarekin ordezkatu, ezin dela biktimaren azalaren barruan jarri eta haren mina sentitu, arazo etiko larria sortuko lukeelako horrek.

p044_f04_65x85.jpg

Hiroshima mon amour»-eko emakumezko protagonistak arkitekto japoniarrarekin duen harremana bestelakoa da. Filmaren hasieran, emakumea saiatzen da gizona konbentzitzen Hiroshima ezagutzen duela, haren jazarpenaren eta minaren lekuko izan dela. Hiroshiman egona da; bonba nuklearrak eragindako suntsipenari buruzko erakusketa batean egon da Japonian bertan; haren gaineko argazkiak, filmak eta dokumentalak ikusi ditu. Baina gizonak behin eta berriro esaten dio ez duela benetan Hiroshima ezagutzen, ezin izan dela haren jazarpen eta minaren lekuko izan ez zelako gertaera unean tokian bertan egon. Bere ezagutza errepresentazio batean oinarritzen da.

Emakumea, baina, bere lekuko kategoria defendatzen tematzen da. Biktimekiko hurbil sentitzen da, baina gizonak gogorarazten dio ezin duela bere burua biktimarenarekin ordezkatu, ezin dela biktimaren azalaren barruan jarri eta haren mina sentitu arazo etiko larria sortuko lukeelako horrek; batetik, bera ez delako gertaeraren biktima eta, bestetik, tragedia eragileen artean dagoelako bera (Japoniaren kontrako erasoa bultzatu zuen herrialde bateko herritar den aldetik politikoki tragediaren errudun da, Karl Jaspersek «The Question of German Guilt» lanean erruduntasun kategorien gainean eskainitako eskemaren arabera). Gizonarentzat, beraz, ezinbestekoa da gertaeran norberak duen inplikazio mailaz jabetzea (norberaren erruduntasuna onartzea) Hiroshima benetan ikusi eta ezagutu ahal izateko, eta haren mina ulertu ahal izateko. Modu horretan bakarrik da posible tragediari buelta ematea, zauriei osatzen laguntzea, eta amodioari ateak zabaltzea.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo