Haur eta gaztetxoentzako ekintzak egingo dituzte Igartubeitin gaurtik hasita
N.B. | DONOSTIA
Ezkio-Itsason dagoen Igartubeiti Baserri Museoak haur txikiei eta nerabeei zuzenduriko hainbat tailer egingo ditu gaurtik aurrera. Familian zein lagunekin inguruko ondareaz gozatzea eta horren bidez ikastea da atzo Donostian aurkeztu zituzten «Artea eta natura» zikloaren barneko jarduera horien helburua.
Igartubeiti XVI. mendeko dolare-baserria da, Gipuzkoako Aldundiak eskuratu eta eraberritu zuena. Dolarea garai batean etxebizitza izan zenaren bihotza da, eta Garazi Lopez de Etxezarreta Aldundiko Kultura zuzendariak esan bezala, horrek mantentzen zuen «etxea bizirik». Gazteak ere bizitza horretaz jabetzea garrantzitsua dela uste du, eta horretarako 12 eta 16 urte bitartekoentzat bi tailer berezi antolatu dituzte.
«Ondarea agertokia» sortze-tailerrean (otsailak 16) animazioa landuko dute gaztetxoek eta stop motion teknikaren bidez naturako elementuak erabiliz film labur bat egingo dute. Era berean, espresuki hautatutako film esperimentalak ikusiko dituzte. Martxoaren 2an «Paisaia eta kamera ezkutua» tailerrean argazki kamera bat egingo dute eta errebelatu tradizionala nola egiten den ikasiko dute.
Kizkitza Ugarteburuk, Igartubeiti Baserri Museoko koordinatzaileak, azaldu zuen eskoletatik antolatzen dituzten bisitez aparte ez dutela inoiz nerabeak euren kabuz joateko ekintzarik prestatu. Horregatik, aipatutako bi tailerretan gazteen interesa piztu dezaketen gaiak jorratzen dira.
Horretaz gain, 3-12 urte bitarteko haurrei eskainitako bi tailer egingo dituzte, askotan eskatu omen dietelako gurasoek ume txikientzako ekintzak presta ditzatela. Honela, familiek gaur bertan «Mundua miniaturan» tailerrean parte hartu ahal izango dute. material desberdinak erabiliz hiri eta paisaiak sortuko dituzte. Datorren larunbatean, berriz, «Musikarekin jolasean» arituko dira haurrak. Tailer honetan arte esperimentala eta gorputz adierazpena landuko dute.
Urretxu-Zumarragako eskola bateko ikasleek jada izena eman badute ere, oraindik nahi duenak parte hartzeko aukera du. Hala ere, komenigarria da aldez aurretik abisua ematea plazak mugatuak baitira. Horretarako 943 72 29 78 telefonora deitu edo igartubeiti@gipuzkoa.net helbide elektronikora deitu behar da. Tailer bakoitzaren prezioa 3 eurokoa da.