Ione Josie 2013/1/30
Ikastola herri eskola!
kazeta.info
(...) Suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari Ikastola berria laguntzea debekatu dio.Konstituzio moldaketa eta Euro-itunaren aldeko adierazpenak entzuten ditugun mementu berean iritsi da Hendaiako Ikastolaren kontra estatuaren ordezkariak hartu erabakia.
Erabaki horrek Prousten madalenaren antzera, gaztaroko irudiak ekarri dizkit gogora. Flashback. 80. hamarkada bukaeran, seigarrenean sartzera joaten nintzen urte hartan, Ikastolarik gabe gelditu ginen. Klaseak Biriatuko hotel batean, eta prefabrikatu batzuetan abiatu genituen, Baionako herriko etxe aitzinean ere eman genituen. (...)
Baina, gertakari horien gainetik, euskaraz ikasteak zer nolako harrotasuna ematen zidan oroitzen naiz. Ikasteaz gain, nire hizkuntzaren normalizazioan, nire oinarrizko eskubideen aldarrikapenean, komunitate baten parte sentitzen nintzen. Aberats eta askea sentitzen nintzen, jakintza askatasuna da. Hizkuntza bat baino gehiago jakitea askatasuna eta aberastasuna da. (...)
Denborak aldatu dira, ikastolak handitu eta hedatu dira, ikasle gehiagorekin. Ikastolek, euskararen normalizazioan betetzen duten funtzio estrategikoa onartu da. Guzi hori, herri mugimenduak eta herritarrek urteetan eramandako lanari esker. Baina gutun sinple batek, urteetan eraman lana, urteetan ilusio handiz bideratu proiektuak hondatzen ditu eta, are gehiago, gure hizkuntzari eraginen dion kaltea neurririk gabekoa da, bere berreskurapen prozesua kolokan ezartzen baitu.
(...) Gertakari horrek agerian uzten du, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politika bat behar dugula, azken finean, kanpo-esku hartzeek eta erabakimenek gure proiektuak deuseztatu ditzaketelako, eta hemen dugu adibide argia. Euskarari zentralitatea eman behar zaio, babesa. (...)