GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Orain gutxira arte ez nuen neure burua 9a bat egiten ikusten»

p040_f01_148x249.jpg

Ander Lasagabaster

Eskalatzailea

Euskal Herria txikia da, bai, baina eskaladari dagokionez, lasai asko sar genezake koadro handi batean. Kirol eskalada eremu asko ditugu, eskalatzaileen kopurua handia da eta muturreko zailtasunean jarduten duten espezialista asko ditugu. Adibidez, bederatzigarren esferan sartuta daudenak bederatzi eskalatzaile dira; azkena, Ander Lasagabaster. Lortu berri duen saria: «Il domani» (9a, Baltzola).

Andoni ARABAOLAZA

Ander Lasagabaster bederatzigarren esferatik gertu zebilen, eta «Il domani» bideak atea zabaldu dio. Denbora kontua zen. Eta azkenean iritsi da. Joan den urtarrilaren 13an egin zuen lorpen hori. 32 urteko arrasatearra, beraz, talde pribilegiatu horren kide egin da. Hala ere, lorpen horrek nolabaiteko zapore gazi-gozoa izan du. Gozoa, jakina, arrasatearrak inoiz egin duen biderik zailena sinatu duelako. Gazia, berriz, xede horren zutabe nagusietako batek, Mikel Ziarrustak, agur esan zigulako. Zirrias eta Lasagabasterrek makina bat ordu partekatu zituzten «Il domani»-n. Zirrias joan zitzaigun; arrasatearrak, berriz, bere erronkan segi eta saria erdietsi du.

Baltzolako muturreko bide asko egin eta gero, besteak beste, bederatzi graduko marrak poltsikoratzeko geratzen zitzaizkizun. Horietako bat, jakina, «Il domani». Denbora asko eskatu dizu, baina, azkenean, sari potolo hori eskuratu duzu.

Badakizu azken urteotan Baltzolan asko eskalatzen ari naizela. Etxetik gertu dut eta, Araotz gertuago badut ere, azken eskalada eskola honetan ez dut jadanik proiekturik. «Na-nai (8c+) eta «Tas-Tas» (8c+/9a) bideen ondoren, «Il domani» era natural batez iritsi da. Iban Larrionek kateatu berri zuen, eta probatzera animatu ninduen. Eta, zergatik ez, xede bezala hartu nuen. Hori bai, ezusteko ederra hartu nuen; izan ere, bidean buru-belarri sartu eta ohartu nintzen inoiz probatu dudan bide ederrenetarikoa zela. Hitz gutxitan esanda, Patxi Usobiagaren sormen-lan bikaina da!

Eta «Il domani» bideak bederatzigarren graduan sartu zaitu.

Hala da. Alabaina, aitortu behar dizut gradu hori ez dela inoiz neure burutik pasa ere egin. Bueno, «Tas-Tas» eta «La trave de Baltzola» egin nituenean, orduan bai ikusi nuen bederatzigarren gradua gertu nuela. Probatu dudan 9a graduko aurreneko bidea izan da; bakarra, gainera. Hori bai, behin «Il domani» poltsikoratuta, «Iñi Ameriketan» marran ere saio batzuk egin ditut.

Urtarrilaren 13an lortu zenuen saria; hots, «Il domani» kateatzea. Harritzen nau egun horretan lortzea, ze azkenaldion bota duen euria ikaragarria izan da. Ze baldintzak izan zenituen? Bustita al zegoen?

Zuk diozun bezala, egundoko euriteak iragartzen ziren. Baldintzak ez ziren egokienak; izan ere, aurrekoan zein kateatu nuen egunetan euria bota zuen. Hezetasuna ere handia zen. Gainera, erdi gaixo nengoen. Sekula ez da jakin izaten noiz izan daitekeen eguna! Ikustea besterik ez dago. Goialdea apur bat bustita zegoen, baina askotan probatuta nuen baldintza berberetan zati hori. Hala ere, ez da larregi bustitzen den marra. Baina, era berean, aurreikusten zen eguraldia ikusita, egoera okertuko zen beldur nintzen. Ez nekien zer baldintzatan gera zitekeen bidea. Botatako euriteak ikusita, baiezta dezaket justu-justu libratu nintzela!

Nolakoa izan da «Il domani»-rekin izan duzun borroka?

Aitortu behar dizut hasi eta bi hilabetean zehar bide hau erorketa batekin egiten nuela. Erdiko blokean (7c+) erortzen nintzen. Hilabete asko pasa nituen bloke horrekin talka egiten. Behin eta berriz erortzen nintzen. Ezinezkoa egiten zitzaidan hura gainditzea. Hori dela eta, uste dut «Il domani»-k ondo astindu eta estutzen duela burua; psikologikoki oso bide gogorra da. Zati hori gainditu ahal izateko, oso kontzientziatua eta motibatua behar duzu egon; hots, hasi duzuna ondo bukatzeko. Badakizu oso burugogorra naizela, eta saiatzen naiz presio horrek eraginik izan ez dezan.

Bestalde, lan kontuak direla eta, astean zehar ez dut astirik beste eskalada eskola batzuetara joateko. Horregatik nahikoa ohitua nago bide edo proiektu batean buru-belarri jarri, estutu eta den-dena emateko. Uste dut hamaika hilabete behar izan ditudala «Il domani» sinatzeko. Udako egun beroak soberan egon dira, baina, tira, hori da dagoena. Nire ustez, behinik behin, bide honek hotza eskatzen du.

Aipatu duzu blokeko tarte horrekin buruhauste handiak izan dituzula. Korapilo hori askatzeko neurriren bat hartu al zenuen?

Bada, bai. Indar maximoa lantzea otu zitzaidan, horixe baitzen zintzilik nuena. Hori dela eta, Baltzolan bertan gogor landu nuen indar hori blokea egiten. Eta, jakina, asmatu nuen. Gainera, aukera izan nuen bi 8b klasiko egiteko: «Solaris plus» eta «Hay que masticar antes de tragar».

Aitortu duzun bezala, ordu eta saio asko egin dituzu «Il domani»-n. Aurretik bide gogorrena «Tas-Tas» (8c+/9a) zenuen. Bataren eta bestearen artean alderik ikusi duzu?

Ez dakit graduagatik bakarrik den edo ez, baina «Tas-Tas»-ekin konparatuz gero, diferentzia asko ikusi dut. Psikologikoki bide gogorra iruditu zait. Agudo hel zaitezke katera soilik eroriko batekin, baina gero, egia da, ohartzen zara uste baino urrutiago dagoela. Besteak beste, behin eta berriz leku berean erortzen zara. Hori da, bederen, niri gertatu zaidana.

Dagoeneko 9a-n sartu zara. Zer garrantzi du horrek zuretzat? Ez soilik graduagatik (denok espero genuen), baizik eta dagoeneko goi mailako izarrekin gradu hori partekatzen duzulako: Patxi Usobiaga, Iker Pou, Rikar Otegi, Josune Bereziartu...

Neure buruari jarritako helburu bat zen, eta erdietsi egin dut. Txikitatik amestu izan dudan xede bat zen. Orain dela gutxi arte, nahiz eta zuk esan espero zenutela, nik ez dut neure burua 9a egiten ikusi. Ez du neure burua inorenarekin konparatzen, niretzat helburu pertsonala izan baita. Hala ere, betidanik miretsi izan ditudan pertsonen ondoan nire izena ikustea ohore bat da.

Badakit gogorra dela zuretzat, baina elkarrizketa honetan ezin dut Mikel Ziarrusta aipatu gabe utzi. «Il domani» berarekin partekatu zenuen, elkarrekin saio ugari eman zenituzten. Ze bizipen edo esperientzia izan zenuen «Zirrias»-ekin?

Zirrias laguna nuen. Berarekin hainbat bizipen eta proiektu partekatzeko zortea izan dut. Oso pertsona berezia zen. Bere alaitasuna eta umiltasuna ikaragarriak ziren. «Il Domani»-n bereziki bikote egin ginen helburu bera lortzeko asmoz, elkarri animoak ematen. Gogorra izan zen, bera joan eta lehenengo egunetan, biona zen xede bat bakarrik probatzera joatea. Bere falta asko sumatzen nuen. Oso arraroa eta gogorra egiten zitzaidan. Askotan pasatu zitzaidan burutik dena bertan behera uztea. Gero, buelta eman nion eta beregatik dena eman behar nuela sentitu nuen.

Pentsatzen dut «Il domani» egin ondoren asko gogoratuko zinela Zirriasekin. Besteak beste, lortu duzunaren parte bat berari esker izan da? Zirriasi eskaintzen diozu lorpen horren zati bat?

Jakina. Katera heldu eta gogoratu nuen lehenengo gauza zera izan zen: berarekin bizi izandako guztia, bideak emandako momentu gogor guztiak ahaztuz. Bera, nire alboan zegoenean, nigan gehien sinisten zuenetariko bat zen. Ez etsitzeko esaten zidan beti. Horregatik, bera ez zegoenean, hitz horiek jarraitzea erabaki nuen. Lorpen hau zurea da, Mikel. Eskerrik asko! Horretaz gain, nire bikotekide Leireri eta kobazuloan nirekin eskalatzen duten lagun guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiet.

Zure azken kateatze gogorrenak Baltzolan izan dira. Badakit etxetik gertu duzula, baina, orain, zure ibilbidean ze garrantzi du Baltzolak?

Atzera begiratuta, ez nukeen pentsatuko koba honetan hainbeste lorpen egingo nituzkeenik. Denbora asko eta momentu on asko pasa izan ditut nire lagunekin. Lerro hauek aprobetxatu nahi nituzke bertan ekipatzen aritu diren guztiei eskerrak emateko egindako lan zoragarriagatik. Beraiengatik ez balitz, ez ziren bertan zailtasuneko hainbeste bide egongo. Eskerrik asko.

Orain duzun sasoia beste proiektu gogor bat saiatzen aprobetxatuko duzu, edo denbora bat lasai hartuko duzu?

Lasai? Zer da hori? (kar, kar). Jadanik beste erronka batean buru belarri sartuta nago.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo