Pirineismoa Neguko jarduerak
Puerto Rico mendian bide eta aldaera berri bana
Mikel Ajuria, Alberto Fernandez eta Mikel Zabalzak «Ai amatxo maitia» (6c/M5+, 380 m) zabaldu dute. Bitartean, Ajuria eta Zabalzak «Eduardo Emanuel» bideari «Paquetes» aldaera (M5, 500 m) gehitu diote.
Andoni ARABAOLAZA
Partacua mendilerroak baditu neguko bi proposamen berri. Biak ala biak Puerton Rico mendian egin dira. Eta biak ala biak, gainera, eskalada mistoan oinarritutakoak. Protagonistak, honakoak: Mikel Ajuria, Alberto Fernandez eta Mikel Zabalza.
Hirukote honek egun batzuk egin zituen eremu horretan. Lehen jardueraren emaitza aldaera bat izan da. Mendiaren ipar aurpegian zabalduta zegoen «Eduardo Emanuel» bideari Ajuriak eta Zabalzak metro berri batzuk gehitu dizkiote. Guztira, 500 metroko marra atera zaie, eta, Zabalzak dioen bezala, mistoko bide samurra eta entretenigarria (M5) da: «Ez da muturrekoa, baina bai iraunkorra zailtasunean».
Hori joan den urtarrilaren 8an izan zen. Handik hiru egunera, 11n, bikote horren sokari Fernandez lotu zitzaion eta «Ai amatxo maitia» marra berria sortu zuten. 380 metro luze da, eta, arestian aipatu dugun bezala, nahiko «lehorra»; izan ere, mistoak protagonismo berezia hartzen du. Proposamenak honako zailtasuna du: 6c/M5+.
Zabalzak aipatu digunez, lehen eskaladatik jaisten ari zirela, duela bi urte aztertutako beste marra batek harrapatu zituen: «Aitortu behar dut gogorra ikusten zela, baina, era berean, oso agerikoa eta erakargarria zirudien. Saiatzea erabaki genuen, hurrengo egunetarako elurra iragartzen baitzuten. Gainera, marraren hasieran katu-oinak beharrezkoak izango ziren».
Misto ederra
Lehenengo luzeak ondo berotu zituen pirineista hauen asmoak: «Mikeltxo sokaburu jarri zen. M5 graduko 20 metro igo, katu-oinak jarri eta offwidth bati ekin zion. Ordu eta laurdeneko borrokaren ondoren, bilera antolatu zuen. Oso lan ederra egin zuen. Ondoren, eskaladaren ardura hartu nuen. Mistoko tarte bat gainditu ondoren, bidea mozten zuen bloke batekin egin nuen topo. Kosta egin zitzaidan hura gainditzea, besteak beste, goitik erortzen zen elurrarengatik eta haren amaieran izotzik ez zegoelako».
Zati horretan hirukotearen eskaladak «Finisterre» marrarekin bat egiten du. Bide horrek ezkerrera egiten du, eta euskal pirineista hauen asmoa zuzenagoa zen: «Kobazulo batera zuzen iritsi ginen. Alberto aurretik jarri zen. Ezkerrean dagoen diedroa (V/V+) hartu zuen, eta berriro bidea ixten zuen beste bloke bat aurretik genuen. Ondoren, eskuinera dagoen ezproia zeharkatu genuen eta hortik irteerako kanalean sartu ginen. Oro har, egun luze eta gogorra izan zen; jaitsiera ere oso luzea da (3 ordukoa). Hamar luze berri atera zitzaizkigun. Ondorio bezala baiezta dezaket mendi eder batean bi bide eder egin ditugula. Gustura jardun genuen».
Mikel Ajuria, Aitor Fernandez eta Mikel Zabalzak Puerto Rico mendian «Ai amatxo maitia» sortu dute: 6c/M5, 380 m
Ajuriak eta Zabalzak, bestalde, «Eduardo Emanuel» bideari «Paquetes» aldaera gehitu diote: M5, 500 m