GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Punta Galea 2013: Natxo Gonzalez gaztea txapeldun

Lehen aldiz mundu mailako olatu handien itzulirako puntuagarria den txapelketa bat izan da Europan, Galea lurmuturrean izan da, eta 17 urte besterik ez dituen sopelar bat izan da garaile: Natxo Gonzalez.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Urtarrilaren 30a asteazken handia izan zen, itsaski handia eta ederra izan zen euskal kostaldean. Egun bat lehenago olatuak handiagoak ziren, baina haizeak olatuak txukun sartzea eragozten zuen; beraz, txapelketa egun bat atzeratzea erabaki zuten.

Ben Freestone txapelketako meteorologia aholkulariak bete-betean asmatu zuen bere iragarpenetan; izan ere, berak esan bezala, asteazkenean, itsasoak apur bat behera egin zuen eta goizean oraindik haize ufadek olatuak narrasten bazituzten ere, arratsalderako haizea asko baretu zen. Galea lurmuturrean txapelketa egiteko baldintza ederrak ziren.

Galea lurmuturrekoa munduko olatu handien itzulian kontuan hartu duten lehen olatu europarra da. Hau da, BWWT (Big Wave Worl Tour) itzuliak geldialdi bat egin nahi izan du Europako urautsi batean eta Algortako leku hauxe hautatu dute.

Txapelketa hau ez zegoen goi mailako itzulia osatzen duten txapelketen zerrendan, baina mota honetako aparteko txapelketa puntuagarri bat egiten zen lehen aldia zen. Beraz, BWWT erakundearen babesa izan du, eta, modu horretan gainera, maila gorenekoa ez izan arren, puntuak biltzeko balio zezakeen proba aitzindaria izan da lehen aldiz.

Arratsaldeko ordu bietan hasi zen Arnette Punta Galea Challenge 2012/2013 txapelketa. Olatuak oso handiak ziren, zazpi metro ingurukoak, eta, haizea baretu arren, oraindik apur bat nahasi zetozen uhin lerroak.

Txapelketan parte hartu zuen lehiakide gazteena Natxo Gonzalez izan zen, eta ez hori bakarrik, bera izan zen irabazlea, ezin hobeto aritu zen, beraz, bizkaitarra. Modu honetan, beste titulu bat ere lortu du Natxok, alegia, «Europako urteko olatu handietako surflaria». Txapela eskuratuta, munduko olatu handien zirkuituko (BWWT) lehen txapelketan parte hartzeko gonbita irabazi du; beraz, Txilen izango da behar adinako itsaski bat sartzen bada.

Honela mintzo zen surflari gaztea: «Urautsian nire lekua aurkitu eta bertan lasai egotea erabaki dut. Babesleek eman didaten taula berriak ezin hobeto erantzun du eta ziurtasun osoz aritu naiz. Hori da sekretua horrelako baldintzetan».

Bigarren postua eskuratu zuen lehiakidea ohorezko gonbidatua zen, Ramon Navarro, Txileko surflari ezaguna. Berez, irabazlearen kasuan bezala, sari gisa munduko olatu handien zirkuituko txapelketa batean parte hartzeko gonbidapena zegokion lehiakide honi, baina jada munduko olatu handien itzulian plaza finkoa duenez, hirugarren lehiakideari eman zioten saria.

Hirugarren postua Adur Letamendia zarauztarrak eskuratu zuen eta, ondorioz, Oregonen (AEB) olatu handietako munduko surf txapelketan parte hartzeko gonbidapena irabazi zuen.

Gainerakoan, ikuskizuna itzelezkoa izan zen. Getxoko lurmuturrean pilatu ziren ikusleek ez zuten aspertzeko betarik izan.

Hasieran, itsasoa oraindik apur bat narras zegoenez, surflariek leku aproposa aurkitzeko zailtasunak zituzten eta, ondorioz, asko izan ziren olatu erraldoiek azpian atzeman zituzten lehiakideak.

Eroriko ugari ere izan zen. Indar Unanue zarauztarrak, esaterako, «eroriko okerrenaren» saria jaso zuen olatu batean goitik behera itzulipurdika jausi ostean.

Ander Mendiguren Sopelako surflariak, berriz, gorriak ikusi zituen olatu batek azpian atzeman eta apargunera bultzatu zuenean.

Olatu asko pasa behar izan zituen ur azpian eta sorosle bat uretako motoarekin laguntzera hurbildu zitzaionean hain zegoen akitua non ia heldulekuari eusteko indarrik ere ez zuen. Gainera, beste olatu batek atzeman zituen eta ondorioz soroslearen motoak arroketan amaitu zuen. Azkenean beste sorosle bat gerturatu, eta hari esker atera ahal izan zuen apargunetik.

Gary Linden, BWWT erakundeko lehendakaria txapelketan izan zen eta Galea muturrak olatu handiak hartzeko mundu mailako potentziala duela esan zuen. Beraz, agian, egunen batean munduko olatu handien itzuliko zerrendan ikusi ahal izango dugu «Punta Galea» izena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo