Oraingoan bai, historiako olatu handiena
McNamarak Nazaren hartu berri duen olatua, orain artean hartu den handiena izan daiteke.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
2011ko urrian olatu erraldoi bat hartu zuen Garret McNamara hawaiiarrak Portugalen. Surfertoday.com webguneak olatu hura inoiz surflari batek hartutako olatu handiena zela esan zuen.
Irizpide sendorik gabe zabaldutako berri hura lau haizetara zabaldu zuten irizpiderik gabeko egunkariek. Bi aste beranduago, adituek hitz egin zuten, eta olatu hura hain handia ez zela esan eta halako albisteak hain arin zabaltzea gaitzetsi zuten.
Joan den astean, McNamarak itzelezko olatua hartu zuen berriz ere Nazaren, baina oraingo honetan zuhurrago jokatu dute komunikabideek. Adituek olatuaren altuera aztertzen zuten artean, orain arte hartu den olaturik handiena izan zitekeela esaten zen, eta behin adituek hitz egin ostean, ziur aski surfaren historian inoiz hartu den olatu handiena izan zela esan daiteke.
2011ko urrian hartu zuen olatu hark 30 metro zituela esaten zen, benetan horrela ez zenean. Oraingo honetan, adituen arabera, Mc Namarak hartutako olatuak, 111,5 oineko altuera zuen, alegia 35 metroko garaiera.