GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Putak

Goraipatuak abestietan, baztertuak jendartean; beren lekua literaturan, artean, «Pretty Woman»-en, eta baztertuak errealitate orotan. Putak dira, nahi dutelako edo nahi gabe, borondatez edo salduak, garraiatuak, isolatuak eta esklabotzara kondenatuak. Badaude luxuzkoak eta badaude beste guztiak. Eta beste guztiak dira kaleetatik kendu nahi direnak, aldendutako guneetara, pisuetara edo klubetara baztertu nahi direnak, ustezko moralitate gorenaren baitan bizi garenok ez dezagun bere gorputza saltzen duenaren ikuskizun penagarria jasan, gure hiriguneei maila jaitsita, gure begirada xaloak urratuta.

Horretara bideratzen dira egun Espainiako Estatuan prostituzioa «konpontzeko» neurriak; udal ordenantzak, isunak, bezeroen datuak jasotzeko fitxategiak... Lege ezaren linboan, adabakiz adabaki, prostituzioan jarduten dutenek jada ez dakite delitugileak diren edo ez, zein kaletan diren eta zeinetan ez, atxilotuak izan daitezkeen ala ez, poliziari deitu eta babestu egingo dituzten ala preso eraman... Badakitena da ez direla ongi ikusiak, gainerako «bizimodu normaleko» pertsonoi eragotzi egiten digutela gustu onaren ingurunean bizi garelako sentsazioa; badakitena da arriskuan bizi direla etengabe, edozein bezero izan daitekeela betiko izorratuta utziko dituena, ez daukatela inolako babes sozialik eta babak eltzetik nork bere kabuz atera beharreko munduan mugitzen direla. Mundu garratza, iluna eta bortitza. Mundu lehiakorra, gainera. Putek, beste ezeren gainetik, sentimendu bat partekatzen dute: beldurra. Putek, bestetik, egia ziur bat dakite: zein hipokrita den jendartea.

Prostituzioa dago eskaria dagoelako, ez dauka buelta gehiagorik. Merkatua existitzen den heinean, bertan denetarik dago, eta sexua negozio aberasgarria den neurrian, ahalik eta etekin handienaren bila mugiarazten duten mafiak daude. Emakumeak, neskatilak edo mutikoak produktua baino ez dira, gauzak, irabazi handiena emateko lortu, kokatu eta ustiatzen direnak. Salerosketa hori da prostituzioaren alderdirik jarrai- tuena, zigortuena -paper gainean, behinik behin-, pertsona bat bere borondatearen kontra prostituzioan aritzera behartzen duena delitugile argia, eta emakumea, berriz, biktima hutsa.

Baina prostituzioak baditu milaka ertz ez direnak aurrekoa bezain erraz erabakitzekoak; prostituzioaren baitan hori baino gehiago biltzen da, eta berau ezkutatzeko ahalegin ororen emaitza bakarra are gehiago estigmatizatzea eta negozio ilegala hauspotzea da. Eta badakigu, badakite, neurriak hartu eta hartu dabiltzanek, alfonbrapean sartu baino ez dela egiten ari horrela.

Prostituzioaren munduak gune bat behar du, mahai gainean jarria izan dadila; inguruan, nahitaez, prostituzioan jarduten dutenen ordezkaritza bat, eta bestelako eragileak, eta erabakiak hartzen hasi. Ez da kontu erraza, jakina, ez da di-da batean konponduko horren inguruan mugitzen den guztia, baina bada garaia, hasteko, putei ere euren duintasuna aitortzeko, segurtasuna eta baldintza hobeak ziurtatzeko, moralkeriak eta hipokrisiak alde batera utzita. Egon badaudelako, gustatu ala ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo