GARA > Idatzia > Euskal Herria

2.500 gazte bildu ditu amaitu berri den Zukgua prozesuak

Eztabaidaren ondorio nagusiak aurkeztuz, hilabeteetan landutako prozesu eratzailea amaitutzat eman dute ezker abertzaleko gazte mugimenduko kideek. Oinarri ideologiko eta metodologikoak finkatuta, martxoaren 2an Lizarran egingo duten Biltzarrean erakunde berriaren izena eta izana ezagutzea baino ez da faltako.

p015_f02.jpg

GARA | ZARAUTZ

Bost hilabete iraun duen eztabaida luzearen ondoren, ezker abertzaleko gazte mugimenduko kideek amaitutzat eman dute Zukgua prozesu eratzailea.

Lantalde ezberdinetan antolatuta, Euskal Herriko 180 herritako 2.500 gaztek proiektu politiko berriaren ildoak finkatu dituzte, egoeraren analisia eginez, ziklo politikoa definituz, eta bereziki, etorkizunerako gazte estrategia finkatuz.

Oinarriak jarrita, begirada guztiak Lizarran jarrita daude orain, han egingo baitute, datorren martxoaren 2an, gazteen Biltzar Nazionala, erakunde berriaren aurkezpenarekin bukatuko dena.

Eztabaidaren ondorio nagusiak zenbait puntutan sailkatu dituzte. Batetik, sistema kapitalista patriarkala krisi definitiboan dagoela egiaztatu dute gazteek. Hazkunde etengabearen eta sistema neoliberalaren ondorio zuzentzat jotzen dute krisi hori, eta sistema sozialista berri baten beharra aldarrikatzen dute.

«Zutik Euskal Herria» ebazpenarekin eta honen edukiekin bat egiten dutela adierazi dute, ziklo politiko berria egonkortzeko konpromisoa hartuz.

Ondorio horietan aipagarrienak, halere, gazteei dagozkienak dira. Gazte mugimenduak «gazte boterea» eraikitzeko apustua egiten du, gazteriak gaur egun bizi duen egoerari buelta emateko. Bide horretan, erakunde berria mugimendu zabal horren baitako beste kolektibo bat izango litzateke.

Ez da nobedade bakarra. Erakunde berri honen funtzionamenduan, herri bakoitzean bertako gazte errealitatearen araberako borrokak garatuko dira, horretarako elkarlana eta auzolana mugarri izanda.

Funtzionamenduari dagokionez, bi ildo nagusi izango ditu antolakunde berriak. Bata, bizi eredu berriak eraikitzearekin dago lotuta, zibilizazio krisiari aurre eginez, betiere gazte problematika oinarri hartuta, eta burujabetzaren aldeko lan ideologiko eta praktikoa garatuz.

Bestea gatazkaren konponbidearekin dago lotuta. Euskal estatu sozialista eta feminista hori eraikitzeko, ezinbesteko ikusten dute gazteek gatazkaren ondorioak konpontzea: presoen auzia, eskubide zibilak, memoria edota desmilitarizazioa landuko dituzte alde horretatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo