GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Koldo Larrea Itxina | Itzubaltzeta-Romo

Agate Deuna, borroka eguna

Gizonezko boteretsu bati ezetz esateagatik eta bere sinesmenei irmoki eusteagatik, burdel batean gatibu sartu, torturatu eta erail egin zuten Siziliako Agate III. mendean. Basakeria horiek guztiek XXI. mendean ere puri-purian jarraitzen dute: emakumezkoen salerosketa auzoko putetxean aurki daiteke; kuarteletik, espetxetik edo bikotekidearen atzaparretatik pasatutako andre askok salatzen ditu tratu txarrak edo tortura; bular mozketen notiziak Juarez Hiritik etortzen zaizkigu batik bat, baina bortxaketak gure hiri eta herrietako kale eta etxe askotan gertatu ohi dira, eta azken emakume erailketak Deustu, Araia edo Antsoainen jazo dira.

Biolentzia mota jakin bat hain sutsuki jazarria izan den herri honetan bizitza gorabehera handirik gabe doa aurrera bortizkeria adibide horiek guztiak begi bistakoak izan arren. «Espero dezagun berriro ez gertatzea», dio bihotz oneko jendeak halako gertaeren aurrean.

Tamalez, biolentzia dakarten faktore kulturalak benetan errotik ezabatu ordez, adabakiak josten esperoan geratuz gero, tratu txarrak, bortxaketak eta erailketak zalantzarik gabe berriro gertatuko dira: etxean, eskolan, komunikabideetan, eta abarretan benetako berdintasunean hezten ez dugun belaunaldi bakoitza emakumearen aurkako biolentzia birsortzeko lur ongarritua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo